Zer da itun ekonomikoa? Eta kontzertu ekonomikoa?
Nafarroak zergak kudeatzeko eta biltzeko duen burujabetza aitortzen du itun ekonomikoak, eta Madilren eta Iruñearen arteko diru publikoen joan-etorria arautzen du. Kontzertua tresna bera da, baina Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat.
Zer dira ekarpena eta kupoa?
Ekarpena Iruñearen eta Madrilen arteko diru publikoen joan-etorri hori gauzatzeko bitartekoa da; kupoa, berriz, Gasteizen eta Madrilen artekoa burutzeko bitartekoa.
Zenbatean behin pagatzen dira ekarpena eta kupoa?
Urtero, eta ordainketa lau zatitan egiten dute euskal gobernuek: hiruhileka. Bost urtean behin kalkulatzen dira bai ekarpena bai kupoa: lehen urtea kalkulatuta hurrengo lau urteak eguneratzen dira. Ekarpenaren kasuan adosteko dago 2015-2019 aldia, eta kupoarenean 2008tik aurrerakoak.
Zer da ordaintzen dena?
Jaso ez dituzten eskumenak pagatzen dituzte, Madrilek emandako zerbitzuak: koroa, kanpo harremanak, Espainiaren zorpetzea, azpiegiturak (AHT, aireportuak, portuak), Gorte Nagusiak, Auzitegi Konstituzionala. Zerbitzu horiek ordaintzeaz gain, Espainiako lurraldeen arteko konpentsazio funtsera ere egiten dute proportzionalki dagokion ekarpena.
Zelan egiten da kalkulua?
Bi aldeen arteko akordioaren bidez. Ordaindu beharreko diru kopurua kalkulatzeko ekuazioa berdina da bi kasuetan, soilik aldagai bat aldatzen da: egozpen-indizea. Nafarroak eta EAEk Espainian duten pisu ekonomikoaren arabera egiten dute ordainketa, eta egozpen-indizeak irudikatzen du hori: %1,6 da Nafarroaren kasuan eta %6,24 EAErenean.
Baina zein da ekuazioa?
Konplikatua da, baina ulergarria —albisteko infografian ikusgai—. Kalkuluaren oinarrian beti daude Espainiako aurrekontuak. Aurrekontu horiei EAEk edo Nafarroak dituzten eskumenen zenbatekoa kentzen zaie, eta kopuru horren egozpen-indizea kalkulatzen da (%1,6 eta %6,24). Geratzen den kopuruari itundu gabeko sarrerak kentzen zaizkie: estatuak itundu gabeko sarreretan EAEri edo Nafarroari dagokiona proportzioan (aduanak, defizita, inbertsioak besterentzea, finantza eragiketak eta transferentziak). Azken emaitza da kupo likidoa eta ekarpen likidoa.
Zenbat da dirutan?
Nafarroak 2015ean 590 milioi euro pagatu zizkion estatuari, baina Iruñeak uste du behar baino gehiago pagatu ziola, 100-250 milioi artean gehiago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek iaz 873 milioi euro ordaindu zioten Espainiari. Madril ez dator bat Iñigo Urkulluren gobernuak egindako kalkuluarekin: haren ustez, kupoak 1.525 milioikoa behar zuen iaz. Kontua da kupoa likidatu barik dagoela 2008az geroztik.
Desadostasun teknikoak ala politikoak dira?
Funtsa politikoa da, tartean arrazoi teknikoak erabiltzen badira ere. Bi legegintzaldi oso joan dira arazoa konpondu barik, irizpide desberdinekin egiten ditu kalkuluak alde bakoitzak, eta ez dira ados jartzen. Arazoak, halere, aspaldikoak dira: kupoa, adibidez, 1981ean jarri zen martxan, baina 1987ra arte ez ziren egin lehen kitapenak.
Noiz ezarri zituzten egozpen-indizeak?
Kupoarena (%6,24) 1981ean ezarri zen behin-behinean, 34 urtean ez da eguneratu. Nafarroa ekarpenaren ebazpen-indizea (%1,6) 1990ean ezarri zuten, eta harrezkero ez da aldatu. Gasteizek eta Iruñeak eskatu izan dute indizeak gaurkotzeko, dagokiena baino gehiago pagatzen ari direlakoan. Debateetako bat da indizea errentaren ala biztanleriaren arabera kalkulatu behar ote litzatekeen.
Espainiako beste erkidegorik badago antzeko sistemarekin?
Ez, soilik euskal lurraldeek dute sistema propioa. Gainontzeko erkidegoek «erregimen komuna» osatzen dute. Hau da, Espainiako Ogasunak biltzen ditu zergak erregimen komuneko lurraldeetan, eta gero Madrilek banatzen du dirua erkidegoen artean.
Non dute jatorria kontzertuak eta itunak?
Foruetan. XIX. mendera arte Hegoaldeko lurraldeek finantza eta zerga burujabetza izan zuten, baina karlistaldien ostan galdu egin zituzten. Nafarroako itun ekonomikoaren jatorria lehen kalistadaren osteko 1841eko Lege Itunduan dago: Nafarroako jatorrizko erregimena desegin eta lurraldea Espainiren administrazioan sartu zuten, baina bere zergak kudeatzeko autonomiarekin. Bigarre karlistada ostean gauza bera gertatu zen Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin.
Etengabe egon dira indarrean?
Ez. Francok 1937an ezabatu zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoak, «probintzia traidoreak» izateagatik. 1978ko Espainiako Konsituzioak euskal lurraldeen eskubide historikoak aitortu zituen. Gernikako Estatutuak kontzertu ekonomikoa ezarri zuen 1979an, eta Nafarroako Foru Hobekuntzak ituna 1982an, baina 1990ean sartu zen indarrean.