Zer gertatzen da?

2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zergatik igo da arrisku saria? Dirua inbertitzeko dutenak—bankuak, pentsio edo inbertsio funtsak, espekulatzaile hutsak...— ez daude ziur Espainiari eta Italiari dirua utziz gero bueltan jasoko ote duten, eta, ondorioz, bi jarrera hartu dituzte: haien zorra erosteari utzi diote edo zor hori saltzen ari dira. Bataren zein bestearen ondorioa da arrisku saria handitu egiten dela, hau da, Alemaniako hamar urteko bonuarekiko pagatu behar duten interesa handitu egiten dela.

Zergatik ez dira fio? Neurri batean, gauza bat eta haren kontrakoa eskatzen dutelako, hots, nahi dute Espainiak eta Italiak defizita jaistea eta zorra kontrolatzea, baina hori egin ahal izateko gastuak gutxitu eta zergak igo behar direnez, kezkatuta azaltzen dira neurri horiek jarduera ekonomikoa moteldu egiten dutelako.

Zer dio Espainiako Gobernuak? Merkatuen egun gutxiko gorabeherak «ahazteko» eskatu du Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak, nahiz eta onartu duen arrisku sariaren igoerak kezkatu egiten dituela. Erreformen bideari jarraituko diotela ziurtatu du, eta ukatu egin du Espainiak eurogunearen erreskatea behar duela.

Zer egin du EBZk? Azkenaldian, gutxi. Duela lau aste utzi zion larrien dabiltzan euroguneko kideen zorra erosteari, indarrean jarritako beste neurria—bankuei dirua merke uztea, haiek zorra eros zezaten— funtzionatzen ari zelako. Baina arazoa da Italiako bankuek erosi dutela Italiaren zorra, eta Espainiakoak Espainiarena —azaroan zeukaten halako bi daukate orain—, eta beste herrialdeetako inbertsiogileak ez dituztenez erakarri, operazio horren eragina amaitu da. Bundesbank presionatzen ari da neurri «arriskutsu» gehiago ez hartzeko.

Espainiak ez du dirurik? Espainiako Altxorrak ederki baliatu du EBZren laguntza, eta interesen jaitsiera erabili du 100.000 milioi merke antzean biltzeko. Horrekin nahiko diru du uda arte itzuli behar zuen zorra pagatzeko. Urria izan daiteke arriskutsua, 26.000 milioi itzuli behar dituelako.

Hainbesteko zorra al du? Frantziak eta Alemaniak baino gutxiago zor du, urte onak zorra kitatzeko erabili zuelako. Baina krisia hasi zenetik bikoiztu egin du: ia %70ean amaitu zueniaz, eta aurten %79,8ra helduko da. Arazo handiagoa da zor pribatua: azken urtean familiek eta enpresek zor zutenaren %3 pagatu duten arren, BPGaren %220 zor dute; 0,8 bilioi familiek eta 1,25 bilioi enpresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.