Zerga amildegia

2012ko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ZER DA ZERGA AMILDEGIA?

George W. Bush AEBetako Gobernuko presidenteak 2001 eta 2003an 1,7 bilioi dolarren (1,3 bilioi euro) zerga jaitsierak onartu zituen. Neurri hark 2011n iraungi behar zuen, baina 2010ean, Barack Obama presidente zela, zergen jaitsiera hura beste bi urtez luzatzea eta soldatei ere zergak jaistea erabaki zuen, 2013ko urtarrilera arte. Era berean, iazko udan, bi alderdi nagusiek zorraren sabaia igotzearen truke, 2013an defizita bost puntu murrizteko neurriak aurreikusi zituzten: 2 bilioi dolar hamar urtean. Akordioa lortu ezean automatikoki indarrean jartzea aurreikusi zuten, eta bost egun falta direla, ez dago akordiorik. Errepublikanoak oporretan dira.

ZER GERTATUKO DA?

Automatikoki, zergak igo eta gastua murriztu egingo dela. Zergen igoera urtean 500.000 milioi eurokoa izango da, eta zergadun guztiei igoko zaie: diru sarrera gutxien dituztenei %10etik %15era; tarteko diru sarrerak dituztenei %28tik %36ra, eta gehien irabazten dutenei, %35etik %39,6ra. Igoera handiena dibidenduen zergak izango du. Kapital etekinen zerga %15etik %20ra igoko da.

ZER GASTU TXIKITUKO DA?

Gastua, berriz, datorren urtean 102.000 milioi dolar murriztuko da. Asmoa da hamar urtean 1,2 bilioi dolar aurreztea murrizketa bidez. Defentsako gastua %9,4 gutxituko dute, eta hori ez den gainerako gastua, %8,2. Horien artean daude langebeentzako laguntzak. Dena den, ez lukete gasturik txikituko gizarte segurantzan, Medicaiden...

ZEIN DA KORAPILOA?

Bost egun falta direla, akordiotik urrun daude oraindik. Obamak proposatzen du zergak jaistea urtean 250.000 dolar baino gutxiago irabazten dutenei eta, aldiz, zergak igotzea aberatsenei. Baina errepublikanoek proposatzen dute eustea duela hamar urte Bushek aberatsenei ezarritako zerga jaitsierari, eta arlo publikoan, Defentsan ezik, murrizketak egitea.

EKONOMIAN ERAGINA DU?

Bai. Akordiorik egon ez, eta automatikoki zergak igo eta gastu murrizketa ezartzen badira, AEBetako ekonomia atzeraldian sartuko da. Aurreikuspenen arabera, ekonomia %1,3 uzkurtu daiteke, eta langabezia %8tik %9,1era igo daiteke urtarriletik ekainera bitartean. Aurreikuspen ezkorragoak daude, eta langabezia %10etik gora igotzea espero da. Gainera, aurten 16,4 bilioi dolarreko zorraren sabaira iritsiko dira AEBak, eta arazoa luza daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.