Urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra 2.196 milioi euro bildu ditu zergetan Gipuzkoako Ogasunak. Iaz epe horretan baino 256 milioi gehiago dira (%13,2). 256 milioi horietatik zati handi bat Gipuzkoako Ogasunak Espainiakoarekin BEZaren harira egindako doikuntzen ondorio da, horien bitartez iaz baino 140 milioi gehiago (%64) patrikaratu ditu eta.
Aldundiak berak bildutako zerga gehienek dute bilakaera positiboa. Errenta zergaren bidez %5,5 gehiago bildu du, BEZaren bidez %4,5, eta zerga berezien bidez %2,1 gehiago. Edonola ere, gehien hazi den zerga enpresek beren irabazien truke ordaintzen dutena da, sozietate zerga, ia-ia bikoiztu egin baita: 36,9 milioitik 70 milioira. Ogasunak garrantzia kendu dio datu horri, zerga horren bilakaera errealagoa abuztutik aurrera ikusten delako: abuztuan zenbatzen dira sarrerak, eta itzulketak ez dira datorren urte hasierara arte amaituko.
Gipuzkoako datuak Bizkaikoaren eta Arabakoaren ildotik doa. Bizkaian %16,8 gehiago bildu dute, eta Araban, berriz, %15,3 gehiago. Berri ona da aldundientzat, baina batez ere Eusko Jaurlaritzarentzat, harentzat baita foru ogasunek bildutako hamar eurotik zazpi. Aurrekontuak %4,5eko igoera kalkulatuz egin zituzten.
Nafarroan, berriz, urte erdikoa da azken emaitza. Positiboa da hura ere, ordura arte %9 ari baitzen hazten.