Bizkaiko Ogasunak 4.085,2 milioi euro bildu ditu uztailera arte, iazko aldi berean bildu zuena baino %19,7 gutxiago —Gipuzkoan %20—. Kopuru hori 2020 guztirako bilketa aurrekontuaren %50,2 litzateke.
Aldundiak azaldu duenez, jaitsiera horretan eragin handia izan dute jarduera ekonomikoaren geldotzeak eta foru ogasunak lurraldeko zergadunen likidezia hobetzeko ezarritako neurriek: besteak beste, PFEZa, ondarearen gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaintzeko aldia atzeratu izana, langile autonomoen atxikipenen ordainketaren etetea, eta ezohiko kenkari batzuk ezarri izana. «Neurri horiek guztiak kontuan eduki behar dira 2020ko uztailera arteko bilketa 2019ko uztailera artekoarekin alderatzean», azpimarratu du aldundiak.
Zerga nagusi guztietan amildu da bilketa. Zuzeneko zergetan 2.133,8 milioi bildu ditu ogasunak: iazko aldi berean baino %19,1 gutxiago. PFEZ pertsona fisikoen errenta zergarena %13,2 erori da. Dena den, ogasunak zehaztu du irailaren 30era arte ez dituela emango errenta aitorpenen emaitzako kopuruak, kanpaina hiru hilabetez luzatu baita.
PFEZarekin egin den bezala, ondarearen gaineko zerga ordaintzeko aldia ordura atzeratu dute. Uztailera arte, 1,8 milioi euro baino ez ditu bildu ogasunak —iaz, uztailerako 76,6 milioi jaso zituen—.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, %61,9 gutxiago bildu du aurtengo lehen zazpi hiletan: 482 milioi euro, iaz baino 183,6 milioi gutxiago. Kasu horretan ere, kanpaina ez da amaitu zergadun guztientzat, azaroaren 25era arteko epea dute mikroenpresa eta enpresa txikiek. Horrez gain, ezohiko kenkari bat ezarri da zerga horretan.
Kontsumoaren beherakadaren eragina
Zeharkako zergei dagokienez, kontsumoaren beherakadak %18 gutxitu du BEZaren bilketa, 1.683,3 milioi euroraino. Zerga berezietan jaitsiera nabarmena gertatu da; adibidez, hidrokarburoenean: %15,3 urriago: 407,5 milioi gutxiago Norberaren kudeaketako BEZari esker bildutakoa ere iazkoa baino %18,1 gutxiago da. Tasetan eta bestelako sarrera batzuetan %40,9 gutxiago jaso du ogasunak, eta kudeaketa propioko zerga itunduetan, %18,8 gutxiago.
Horrez gain, uztailean lehen bi doikuntzak egin behar izan ditu Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin: 565,3 milioi ordaindu dizkie. Gipuzkoari 395,2 milioi eta Arabari 170 milioi. Espainiako Estatuarekin ere lehen bi hiruhilekoetako doikuntzak egin ditu: BEZarenenean, Bizkaiak 392 milioi euro jaso ditu, eta zerga berezien doikuntzan 147 milioi euro ordaindu dizkio Madrili.