KONTU PUBLIKOAK

Zerga bilketa %4 igo da Gipuzkoan

Urte osorako espero zuen igoerara (%4,4) hurbiltzen ari da Gipuzkoako Ogasuna, errenta zergaren bidez gutxiago jaso arren.

Iker Aranburu.
2013ko urriaren 11
13:29
Entzun

Irailera arte, Gipuzkoan, zerga bilketa metatuaren hazkundea %4,0 izan da aurreko urtearekin alderatuta, sarrera gordinak %3,6 handitu direlako, eta itzulketak %2,6. Zuzeneko zergak %1,4 handitu dira, zeharkako zergak %8,3, eta estatuarekiko doiketak %0,1. Bizkaian ere igo da zerga bilketa irailera arte, %4,3 hain zuzen ere. 

Abuztura arte zerga bilketa metatua %3,6 handitu da; beraz, aurreko hilabetearekiko bariazioa 0,4 puntu handitu da abuztutik irailera. Iraileko bariazioren arrazoi nagusiak hauek dira: alde positiboan, BEZaren itzulketak jaitsi dira eta estatuarekin egiten diren doiketak igo dira —desadostasunak daude EAEren eta estatuaren artean kupoa zehazteko garaian, eta horregatik estatuak deskontuak egiten ditu BEZaren doiketan. Gero, EAEk deskontuaren zati bat berreskuratzen du, kupoan konpentsazioa eginez. 2013ko irailean konpentsazioa iazkoa baino handiagoa izan da—; alde negatiboan, sozietateen gaineko zergaren itzulketak igo dira eta tabako laboreen sarrerak jaitsi.

Irailera arteko zerga bilketa gutxi gorabehera urteko %60 izan da; beraz, nahiko datu esanguratsua aurreikuspenak egiteko. Bestalde, aipatu beharra dago irailera bitartean hazkundea %4,0 izan dela eta aurrekontuak aurreko urtearen aldean aurreikusten zuena %4,4 dela. Hortaz, datu horiek aurreikuspenak betetzear dauden seinale dira.

Zuzeneko zergen bilakaera metatua zertxobait positiboa izan da, %1,4 handitu baita, gehienbat sozietateen gaineko zergaren, ondare irabazien atxikipenen, PFEZaren eta ondarearen gaineko zergaren sarrerak handitu eta PFEZaren itzulketak jaitsi direlako. Horrez gain, aipatzekoa da, alde negatiboan, lan eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak jaitsi direla eta sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu direla.

Zeharkako zergen bilakaera metatua positiboa izan da, %8,3 handitu baita. Hazkundea gertatu da, gehienbat, BEZaren sarrera metatuak itzulketak baino gehiago handitu direlako. Bestalde, hidrokarburo gaineko zergaren sarrera metatuak handitu dira, eta ondare eskualdaketen gaineko zergarenak jaitsi dira. Aipatutako zergen igoera, zati batean, lurraldeen arteko doiketen hazkundeagatik izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.