Hilabetez hilabete hobera egiten ari da zerga bilketa, eta urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek finkatutako helburua (+%3,65) lortzeko modukoa dirudi.
Bizkaiak 4.060 milioi euro bildu ditu zergatan urtarriletik abuztura, iaz aldi horretan baino %5,2 gehiago. Uztailera arte bilketak %3,1 egin zuen gora. Beste lurraldeek ez dituzte artean abuztuko datuak eman, baina horietan ere goranzko bidea hartu du zerga bilketak. Gipuzkoan, esaterako, %3,9 handitu zen uztailera arte. Araban ia iazko mailan zegoen uztailera arte (-%0,08) eta jaitsiera handien ondoren, iazkoaren gainetik Nafarroan (+%0,2 ekainaren 30era arte).
Zerga mota desberdinei dagokionez, langabeziaren handitzeak eta lan itunen blokeoak %2,7 jaitsi du errenta zergaren bilketa Bizkaian. Baina jaitsiera hori aise konpentsatu dute beste zerga batzuek: Aldundiak kudeatzen duen BEZaren bilketa %11,2 handitu da, sozietate zerga %17,8, hidrokarburoena %17,5, eta ondare zerga ia %18.