Zerga bilketa %9,5 handitu da Araban, BEZak izan duen aparteko bultzadari esker

Susperraldirako lehen pausoak eman direla uste du herrialdeko Ogasun diputatu Jose Luis Cimianok

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Itundutako zergen bidez, 1.915 milioi euro bildu ditu 2010. urtean Arabak. 2009. urteko emaitzarekin alderatuz gero, %9,5eko hazkundea izan du bilketak. Joan den urriko Finantzen Euskal Kontseiluan herrialderako finkatu zen kopurura iristeko 11 milioi eurora geratu da Araba, baina oro har albiste ona da, aurreko bi urteotan izandako erorketari buelta ematea lortu zaiolako.

Bilketaren susperraldia, neurri handi batean, balio erantsiaren zergak izan duen emaitzari zor zaio. Izan ere, zerga horren bidez Arabako ogasunak lortu duen dirua %27 handitu da. Batetik, Espainiako Gobernuak Roverauziari zegokion zorraren azken partea kitatu izanak 30 milioi euroko ekarpena egin die kontuei. Bestetik, uztailean indarrean sartu zen BEZaren tasa orokorraren igoerak bilketa handitu du.

Beste zergei dagokienez, PFEZaren bilketak %3,4 egin du gora, 2010eko aurrekontuak prestatu zirenean espero zena baino gutxiago izan da, hala ere. Horren haritik, Sozietate Zergak espero baino diru gutxiago bildu du, eta %13,6ko erorketa izan du. Hain zuzen ere, 2009an baino 28 milioi gutxiago izan dira.

Urte fiskalaren itxierari buruzko datua eman duen lehen herrialdea da Araba. Azken zenbakia herrialdeak 2006an biltzen zuenaren azpitik egon arren, lortutakoarekin pozik dago Jose Luis Cimiano Ogasun diputatua. Zenbaki borobilak hartuta, 2009an baino 166 milioi gehiago izan dira, eta aurrekontua finkatzeko erabili zena baino 61 milioi gehiago.

Susperraldi motela

2010. urtearen balantze ekonomikoa aurkeztu zuen atzo Arabako Foru Aldundiak. Datu esanguratsuak falta diren arren —esaterako, hazkundearen datu globala— susperraldiaren bidean «lehen urratsak» egin direla nabarmendu zuen Cimianok. «Okerrena pasatu dela pentsa genezake», azaldu zuen, baina oraindik hazkunde erritmoa motela izango dela ohartarazi zuen.

Datuen artetik, irail arte Arabako esportazioak izan zuten hazkundea (%17) azpimarratu zuen ogasuneko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.