Ezohiko bilakaera izan du zerga bilketak apirilean. Ezohikoa baita hilabete bakarrean bilketa positiboa izatetik negatibora igarotzea, Arabak egin duen moduan: iazko apirilera arte baino 18,6 milioi gutxiago jaso ditu zergetan (-%4,1). Eta ezohikoa da, aldundiak onartu duenez, Gipuzkoak apirilera arte iaz baino %8,2 gehiago bildu izana.
«Zuhurtziaz jokatu behar da», aitortu du Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatuak, apirilera arteko emaitzak komentatzean. Izan ere, Larrañagak ez du uste apirileko datu ikusgarria hurrengo hilabeteotan errepikatuko denik. Hazkundea bai espero du, baina ez hainbeste.
Susmo horiek egiaztatuko balira iazko urrian Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenetik oso urrun geratuko dira, eta gastua murriztu beharko dute erakundeek, aurreikuspen horien gainean egin zirelako aurrekontuak. Iaz baino %5,2 gehiago bilduko zutela kalkulatu zuten, baina 2015eko azken hiruhilekoan petrolio merkeagoak Bizkaiko zerga bilketari egindako kalteagatik, igoera errealak %7 egin beharko du gora aurrekontuak betetzeko. Martxora arte, igoera %3,2koa zen.
BEZaren bilakaera aipatu dute Arabak zein Gipuzkoak beren emaitzak azaltzeko. Araban %11,94 jaitsi da zerga horren bilketa, diputazioak dienez, «enpresa esportatzaileen emaitza onei esker». Faktore horrek ez du eragin izan Gipuzkoan, bere industria ere oso esportatzailea izanagatik, BEZ zergan %10,1 gehiago bildu duelako. Errenta zergan antzeko bilakaera dute.