Zergak

Zerga bilketa nabarmen murriztu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Foru Ogasunek, guztira, 5.110,7 milioi euro bildu dituzte aurtengo lehen sei hilekoan, joan den urtean baino 769 milioi gutxiago. Ekainean areagotu da bilketa, zergak ordaintzeko epeak malgutu egin zituztelako koronabirusa dela eta.

Gipuzkoako Ogasunaren Donostiako bulegoa, errenta aitorpenaren kanpaina hasi zenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 14a
16:15
Entzun

Ekainean zertxobait errekuperatu da zerga bilketa. Foru Ogasunek iaz baino zerga gutxiago bildu dituzte aurtengo lehen seihilekoan, baina emaitza ez da maiatzeko emaitzak ikusita pentsa zitekeen bezain katastrofikoa izan. Guztira 5.110,7 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, iaz baino 769 milioi gutxiago. Bi arrazoiri egotzi diote hori: jarduera ekonomikoaren geldialdiari eta Foru Ogasunek beraiek hartutako neurriei.

Joerak antzekoak izan dira hiru lurraldeetan. Zerga bilketak nabarmen egin du gora ekainean, baina ez jarduera ekonomikoa berrabiarazi delako soilik. Koronabirusaren krisia hasi zenean, aldundiek hainbat neurri hartu zituzten «herritarren likidezia hobetzeko eta ekonomiako sektore ahulenek kalte handiak ez jasateko»; besteak beste, zergak ordaintzeko epeak malgutu zituzten, eta BEZaren bidez likidezia eman zitzaien enpresa eta norbanakoei.

Zehazki BEZaren eta bestelako zeharkako zergen bilketan izandako beherakadaren ondorio dira datuok. Araban %29,5 egin du behera zeharkako zergen bilketak, Bizkaian %16,6 eta Gipuzkoan %12,5.

Ekaineko berpiztea

Jaitsiera handiena nabaritu duena Arabako Foru Ogasuna izan da. Han, zergen bidez, 695,6 milioi euro jaso dituzte, 2019an baino 142,2 milioi gutxiago (%17ko beherakada). Hala ere, datua ontzat jo daiteke maiatzekoekin alderatuz gero: Araban, urtarriletik maiatzera, iaz baino %36 zerga gutxiago bildu zituzten. Han ere zeharkako zergek egin dute zuloa: besteak beste, BEZaren bidez %34,2 gutxiago jaso dute.

Zerga gehien Bizkaiko Foru Ogasunak bildu ditu: 3.012,6 milioi euro. Iazko bilketarekin alderatuta %12,8koa izan da jaitsiera. Han ere, BEZaren bidez joan den urtean baino %20,2 gutxiago bildu dute, 1.092,2 milioi euro.

Gipuzkoan ere nabarmena izan da ekaineko berpiztea: joan den urtean baino %23,9 gutxiago bildu zuten urtarriletik maiatzera bitartean, eta ekaina amaiera arteko datuetan %11,6 izan da beherakada —1.402,5 milioi euro bildu dituzte—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.