Zerga bilketak hobetzeari utzi dio Gipuzkoan ere

Urtarriletik abuztura 2.100 milioi euro bildu ditu Aldundiak, iaz epe horretan baino %1,9 gutxiago

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zerga bilketak berriro okerrerako bidea hartu du. Edo hobera egiteari utzi diola erakusten dute azken datuek. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, urtarrilaren 1etik abuztuaren 31era 2.109 milioi euro bildu ditu zergetan, iazko epe horretan baino %1,9 gutxiago (40 milioi gutxiago). Datu askoz okerragoak eman ditu bilketak urte hasieran, baina uztailaren amaieran jaitsiera %1,7koa zen, Gipuzkoako Aldundiak «arrakastatzat» jo zuen ondare eta errenta aitorpen kanpainaren ondoren.

Hilabete eta lurralde bateko kontua izan daitekeen arren, kontrakoa pentsatzeko arrazoia ematen du Bizkaiak ere antzeko bilakaera izan izana: %2,56ko jaitsiera zuen uztailera arte eta %3,1ekoa abuztura arte. Gainera, datu horiek nolabait erakusten dute herritar askok ez dituztela erosketak aurreratu BEZaren igoeraren kalteei aurre egiteko. Auto salmenta nabarmen igo da (ia %25), baina beste produktu askorekin ez da berdin gertatu.

Edonola ere, Gipuzkoako Aldundiak onartu du datuak iazkoekin alderatzeko traba bat badagoela: Kupoari buruz Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak dituzten desadostasunak. Bost urte daramatzate bi erakundeek BEZaren doikuntzari dagokion diru zati bat elkarri deskontatzen. Horrela, Gipuzkoaren kasuan, iaz Estatuak beretzat gordetako 45,6 milioi euro aurtengo maiatzean konpentsatu ditu. Diru hori kontuan hartu gabe, zerga bilketaren jaitsiera %4,5ekoa izango litzateke.

Baina ez dira hor amaitzen kalkuluak egiteko zailtasunak, Rover auzia ere tartean dagoelako. Epaileek erabaki zutenez, Rover autogileak Arabako Aldundiari pagatutako 435 euroko BEZa Estatuari dagokio. Aldundiak zatika pagatzen ari dira, baina epe desberdinetan: iaz abenduan itzuli zuten urteko hirugarren zatia, eta apirilean aurten. Hori gabe, zerga bilketa %0,1 handiagoa izango litzateke. Roverren eta kupoaren auziak alde batera utzita, %2,5 gutxiago.

Erreforma sakonagoa bidean

Zerga bilketaren jaitsierak aurrekontuetan doikuntzak egitera behartuko ditu aldundiak. Iazko urrian aurreikuspena egin zutenean zergatan %3 gehiago bilduko zutela kalkulatu zuten, eta horren arabera egin zituzten aurrekontuak. Jose Luis Bilbao Bizkai- ko ahaldun nagusiak iragarri du hurrengo egunotan azalduko duela murrizketak non egingo dituen. Gainera, datozen urteoi begira zerga bilketa handitzeko erreforma sakona martxan jarriko duela agindu du: aberatsenentzako zergak igo, hobariak ezabatu, enpresei kenkariak kendu eta zerga iruzurraren aurkako neurriak indartu. Gipuzkoako Aldundiak ez du Bilbaoren proposamena komentatu nahi izan, nahiz eta Bizkaiak ere berak abian jarritako bideari heldu diola esan nahi duen. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan bere proposamenetarako sostengua lortzeko lana ere errazten dio, Bilbaoren atzetik EAJ osoak ere doinua aldatuko duela pentsatzekoa delako. PSEk ere erreforma aldarrikatu du, eta PPk, Madrilek zer egin duen ikusita, ez dizkio ateak itxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.