Zerga erreformak agerian utzi du Espainiako Gobernuaren ahulezia

Multinazionalei ezarri beharreko zergaren lege aurreproiektua onartzea lortu du zortzi orduko saio baten ondoren. Energia enpresen zerga urtebetez luzatzen saiatuko dela hitzartu du EH Bildurekin, BNGrekin eta ERCrekin.

Espainiko Kongresuko Ogasun Batzordearen bilera, bart gauean. ZIPI ARAGON / EFE
Espainiko Kongresuko Ogasun Batzordearen bilera, bart gauean. ZIPI ARAGON / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko azaroaren 19a
09:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuaren ahulezia eta edozein lege edo proiektu onartzeko egin beharreko trapezismo ariketak agerian gelditu dira bart gauean Espainiako Kongresuko Ogasun Batzordean. Zortzi ordutik gorako saioa behar izan zuen multinazionalei derrigorrez ezarri beharreko zergaren lege aurreproiektua onartu ahal izateko; hori bai, zuzenketa asko bide ertzean utzita, tartean enpresa energetikoen eta bankuen zerga berezia. Hori hala izango den, baina, ikusteko dago, gobernuak akordio bat adostu baitu EH Bildu, ERC eta BNGrekin, azken bi zerga karga horiek beste bide batetik onartzen saiatzeko. Proposamen guztiak ostegunean bozkatuko dituzte Espainiako Kongresuaren osoko bilkuran.

Orduan, zer onartu da? Multinazionalei gutxienez %15eko zerga ezartzea eta beste hainbat neurri hartzea jasotzen duen lege proiektua adostu dute. PSOEk eta Sumarrek ez ezik, EAJk, EH Bilduk, ERCk, JxCk, eta BNGk babestu dute; PPk eta VOXek, aldiz, aurka egin dute. Edonola ere, PPk joan den astean adierazi zuen puntu hori bakar-bakarrik bozkatuz gero, ez lukeela oztopatuko. 

Sozietate zergan multinazionalen etekinei %15ko muga hori ezartzea Europako Batzordearen agindu bat da, Next Generation funtsen hurrengo zatia —7.200 milioi eurokoa— jaso ahal izateko bete beharrekoa. Esan bezala, ostegunean berretsi beharko dute Espainiako Kongresuko osoko bilkuran.

Zer gertatu da enpresa energetikoen eta bankuen emaitzen gaineko zerga bereziarekin? Ez dira aipatzen zergen lege aurreproiektuan, Espainiako Gobernuak Junts Per Catalunyarekin adostu bezala. Repsol petrolio konpainiak Katalunian egin asmo zituen hainbat inbertsio kolokan zeudela esan ondoren zehaztu zuen bere jarrera JxCk. 

EAJk, berriz, zerga horien inguruan zuen jarrera aldatu zuen iragan astean, bi zergak itunpeko tributu bezala kudeatzea lortu ondoren. Alegia, onartuz gero euskal ogasunek nahierara kudeatu ahal izango dutela hura nola aplikatu.

Dena airean etzi arte

Baina horrek ez du esan nahi onartuko ez direnik, EH Bilduk, ERCk eta BNGk baldintza bat jarri baitzioten bere babesari: zerga horiek dekretu bidez ezarri ahal izatea. Beraz, etzi ere bozkatuko da bankuen irabazien zergari eustea eta energia enpresen zerga urtebetez luzatzea. Dena den, Kongresuko aritmetikak ez du ematen horiek onartzeko, JxC aurka agertu baita publikoki, eta, PPren eta VOXen norabidean bozkatuz gero, bertan behera geldituko lirateke.

Gauzak gehiago nahasteko, Podemosek ohartarazi dio Espainiako Gobernuari bankuen eta energia enpresen zergen alde bozkatuko duela soilik biak batera onartzeko bada.

Funtsean, astearte goizaldeko akordioarekin, Espainiako Gobernuak denbora irabazi du negoziatzen jarraitzeko. Jarraitzeko da aditza, atzo hasi eta bart gauean amaitu den Ogasun Batzordea kaotikoa izan da eta. Etenez jositako saio bat izan da, tartean lau orduko bat alderdien zuzenketa bakoitza banan-banan bozkatu ondoren. Kongresuko korridoreetan azken orduko negoziazio ugari egin ziren, eta batzordean parte hartzen duten diputatu asko sakelako telefonoetara itsatsita ibili ziren.

Bankuena eta energia enpresena, baina, ez dira izan Espainiako Gobernuak onartu ezin izan dituen zerga bakarrak, besteak beste bertan behera gelditu baita pisu turistikoei %21eko BEZa ezartzea, gasolioaren gaineko zerga gasolinak ordaintzen duenarekin parekatzea, eta aseguru pribatuen zerga igotzea.

Aldiz, onartu egin dira PSOEren eta EAJren zenbait zuzenketa. Esaterako, PFEZean kenkariak ezartzea eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko duten lanei eta hidrokarburoaren BEZaren iruzurraren aurka borrokatzeko neurriak onartzea. Tabakoaren eta zigarreta elektronikoaren zerga aldatzea ere sartu da lege aurreproiektuan, baita artisten tributazioa hobetzea ere.

Egoera zaila dela onartu du gaur Espainiako Gobernuak, Pilar Alegria bozeramailearen bitartez. Edonola ere, bere proposamenak aurrera ateratzeko ahaleginak egingo dituela, eta negoziatzeko aukera eta denbora badagoela ziurtatu du. «Asteartea da oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.