zergak

Zerga erreformaren bidez bi urtean 127 milioi euro gehiago bitzea espero du Nafarroako Gobernuak

Gaur onartutako proiektuak Errenta, sozietate, ondare eta hidrokarburo zergetan hainbat aldaketa egiten ditu, eta Mikel Aranburuk adierazi du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean hitzartu dela edukia.

Manu Aierdi, Uxue Barkos eta Miguel Laparra, iragan larunbatean, gobernuaren 100 egunen balorazioa egiteko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2015eko azaroaren 4a
07:23
Entzun

Nafarroako Gobernuak iragarrita zegoen zerga erreformaren proiektua onartu du gaur, eta Nafarroako Parlamentura helarazi du, eztabaidatu eta onar dadin. Guztira, hamar foru lege aldatuko dira eta horietan hainbat zuzeneko zerga aldatuko ditu proiektuak; besteak beste errenta zerga, ondare zerga, sozietate zerga eta hidrokarburoen zerga berezia. 2016ko errenta zergaren atxikipenetan eta 2017ko aitorpenetan islatuko dira aldaketa horiek.

Erreformak "progresibitatea hobetu" nahi du, "errenta handienetan presio fiskal handiena jarrita". Gainera, enpresek euren zergak "emaitza ekonomikoen arabera" ordain dezaten nahi dute. Finkatuko diren hobarien bidez, "susperraldi ekonomikoa eta kalitatezko enplegu egonkorra errazteko helburua" dauka erreformak. Neurri horiekin bilketa 127,18 milioi euro handitu nahi du Uxue Barkosen gobernuak.

Mikel Aranburu Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak egindako simulazio ariketaren arabera, Errenta Zergan 72,5 milioi euro bildu nahi dira: 2016an 27,2 milioi eta 2017an 45,3 milioi. Ondare Zergan 14,4 milioi biltzea espero da 2017an eta Sozietate Zergan 26 milioi (2,8 milioi 2016an eta 23,2 milioi 2017an). Erregaien zergaren bidez, berriz, 14,1 milioi euro bildu nahi dira. “Progresibitatearen eta berdintasunaren bidera itzuli nahi dugu eta etorkizunean norabide horretan aldaketak egingo ditugu, familien eta ekonomiaren portaerak aholkatzen digunari erreparatuta”.

Duela hiru aste Mikel Aranburu Parlamentuan izan zen erreformaren nondik norako nagusiak azaltzen, baina orduko edukiarekin alderatuta, azken proposamenak hainbat aldaketa ditu. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aipatu duenez, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin hitzartu da erreforma, eta “gobernua sostengatzen duten lau alderdiek egindako esfortzua txalogarria da”.

Proposamenaren eduki nagusiak
Errenta Zergan 32.000 eurotik gorako oinarri likidagarriei %0,5 eta %2 bitartean handituko zaie zerga tasa. Lehengo sistemaren arabera, zenbat eta errenta handiagoa izan, familia eta pertsonei semea edukitzeagatik edo ezgaitasuna izategatik ezarritako kenkaria handitu egiten zen. Propoposamenak irizpidea hori bateratu du. Gainera, kapital etekinen gaineko zerga-tarteak eta tasak handitu ditu (%19 eta %25 bitartean)

Aranbururen kalkuluen arabera, 86.641 zergadunek zerga gutxiago ordaindu beharko dute. 105.685 zergadunek ez dute zerga aldaketa nabarituko eta errenta handienek (115.110 guztira) bai ordaindu beharko dute gehiago. “Nik nahiagoko nuke guztiek gehiago ordaindu behar izatea, jendeak errenta handiak izango lituzkeela adieraziko lukeelako”, aipatu du Aranburuk.

Sozietate Zergari dagokionez, zerga tasa orokorrak handitu dira eta, kenkariak ezarrita ere, gutxieneko tasa %13koa izatea nahi du gobernuak. Enpresa handiek %28ko tasa orokorra izango dute, 10 milioi eurotik behera fakturatzen dutenek %23koa eta milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen duten enpresa txikiek orain arte bezala, %19koa. Enplegua sortzeagatik emandako kenkariek kasuan, bi urteko kontratazioa izatea eta gutxienez lanbidearteko gutxieneko soldata bider 1,5 ordaintzea exijituko da. Sicav sozietateei %1eko zerga tasa kendu eta gainerako enpresen tankerako baldintzak ezarriko zaizkie.

Ondare zergan, 550.000 eurotik beherako oinarri likidagarria dutenak zerga ordaintzetik libre geratuko dira (lehen 880.000 eurokoa zen gutxienekoa) eta milioi bat euroko ondarea dutenei aitorpena egitera behartuko zaie (lehen 1,5 milioi eurokoa zen muga).
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.