Zerga igoerak 93 milioi euro gehiago emango dizkio urtero Bizkaiari

Ondare zerga berriro indarrean jarrita, 40 milioi euro lortuko ditu, eta gainontzeko neurri fiskalei esker, beste 53 milioiIruarrizagak uste du harmonizazioa lortzea orain biltzarretako alderdien kontua dela

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun ahalduna, errenta zergaren kanpainan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zerga bidez orain arte baino 93 milioi euro gehiago biltzea espero du Bizkaiak, Arabarekin hitzartu duen zerga igoerari esker. Ondare zerga berriro indarrean jartzea eta zenbait kenkari murriztu eta mugatzen dituzten aldaketak onartu zituen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur Arabako diputatu kontseiluak moldaketa bera aurrera eramango du. Gipuzkoako aldundiak orain dela hiru aste onartu zuen berea, eta bildutako dirua Bizkaiak adina igotzea aurreikusi du.

Zerga igoerarekin uzkur agertu izan da orain arte Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Patxi Lopez lehendakariak igoera eskatu zuenean, «behiari» ezin zitzaiola «esne gehiago atera» argudiatu zuen buruzagi jeltzaleak. Atzo, metafora bera erabili zuen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun ahaldunak moldaketa justifikatzeko. Haren aburuz, «dagoen esnea hobeto baliatuko da».

Aldez aurretik Nafarroak eta Gipuzkoak erabaki zuten gisara, Ondare zerga 2011. eta 2012. urteetan berriro ere kobratzea erabaki dute Bizkaiak eta Arabak. Zergahorrekin 40 milioi euro gehiago jasoko ditu Bizkaiak. Herrialdeko 3.000 zergapekori eragingo die, baina errenta erdiak ez dira kaltetuak izango ziurtatu zuen Iruarrizagak, salbuetsita geratuko diren kopuruen ondorioz.

Errenta zergan ezarritako aldaketen ekarpen garbia 33,8 milioi eurokoa izango da, kontuan hartuta zergaren tarifan eta murrizketa nagusietan %2ko deflaktazioa sartzeak 30 milioi euro galtzea kostatuko zaiola. Era berean, 3,7 milioi euro kostatuko zaio sei eta hamasei urte bitarteko seme-alaba bakoitzaren truke gurasoek izango duten 50 euroko aparteko kenkaria.

Etxebizitza kenkaria, pentsio eta aurreikuspen planetara egindako ekarpenak, aurrezkiaren tasak, eta adineko kenkari orokorra jaitsiko ditu Bizkaiak. Azkenik, Sozietate Zergan ezarri dituen zenbait aldakaretekin 19,2 milioi euro gehiago lortuko ditu, sortzen dituzten lanpostu bakoitzeko enpresei ematen azken laguntzak handituko badira ere.

Harmonizazioa, tramitean

Bizkaiak eta Arabak hitzartu duten erreforma ez da Gipuzkoarena bezain sakona. Harmonizazio falta zuzentzeko Zergak Koordinatzeko Organoaren beste bilera batera deitu du biharko Eusko Jaurlaritzak. Iruarrizagaren ustez, organo horren garaia dagoeneko igaro da, eta harmonizazioa bilatzea biltzar nagusietan ordezkaritza duten alderdien kontua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.