Enpresen zergak. 'Luxleaks auzia'

Zerga ihesaren epizentroan

Multinazionalek Luxenburgorekin dituzten isilpeko tratuen argitalpenak agerian utzi du diru gutxiago ordaintzeko tresneria.EBko 22 herrialdek gisa horretako itunak dituzte

ICIJ ikerketa kazetarien elkarteak Luxenburgok enpresekin egindako 548 isilpeko tratu argitaratu ditu. NICOLAS BOUVY / EFE.
Ivan Santamaria.
2014ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Diagramak ia orri osoa hartzen du. Guztira, 24 enpresa ageri dira, euren artean dituzten lotura eta harremanekin. Batzuk ez dira izenez identifikatzen. Zortzi herrialdetan daude sakabanatuta. Sare korapilatsu eta nahasia da, eta helburu bakarra du: Pepsi konpainia multinazionalari ahalik eta zerga gutxien ordaintzea erraztea. Sistemaren epizentroa Luxenburgon dago, populaziorik txikiena duen Europako Batasuneko bigarren herrialdean.

Diagrama 50 orrialde dituen agiri zabalago baten parte da. Pepsiren izenean, konpainiak jaso beharreko zerga tratuari buruzko akordio zehatza proposatzen dio PwC Price Waterhouse Cooper auditoriak Luxenburgoko gobernuari agiri horretan. Dokumentua 2009. urteko abenduan dago erroldatuta. Luxenburgoko gobernuaren baiezkoa agiri berean jasotzen da, amaieran, hiru hilabete geroago emandakoa.

Zerga akordioa ICIJ erakundeak zabaldu du, Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoak. Pepsirena adibide bat baino ez da. Guztira, antzeko akordioak dituzten 340 enpresa multinazionalaren dokumentuak lortu eta zabaldu ditu ICIJek. Isilpeko tratuak dira guztiak. Hots, ez Luxenburgoko Gobernuak ez konpainiek ez zituzten publiko egiten.

Pepsi ez da aldeko tratuak baliatu dituen enpresa bakarra, baina haren kasuak ondo islatzen du konpainiek zer-nolako ahaleginak egiten dituzten diru sarrerak eta irabaziak ogasunari ezkutatzeko. PwCk atondutako sarean zortzi lekutako adarrak sartzen dira jokoan. Ez dira falta finantza zentro offshore ezagunak — Gibraltar edo Bermuda —, edo, nahiz eta Europako Batasunaren parte izan, zerga sistema lausoenak dituzten ohiko susmagarrietako batzuk, Luxenburgotik aparte: Irlanda eta Zipre.

Dirua herrialdez herrialde eta enpresaz enpresa mugitzen da, barneko maileguen eta patente ordainen forman, eta azkenean jatorriko enpresak ordaindu beharreko faktura arintzea lortzen du, nabarmen. Berez, Luxenburgok indarrean duen sozietate zergaren tasa orokorra %28,6 da. Haatik, beherapen oparoak eskaintzen dizkie kapital eta dibidendu irabaziei edo royalty ordainei. Beste toki askotan lortutako irabaziak Luxenburgora bideratu, eta, ICIJen arabera, enpresa askok benetan ordaindutako tasa %1 baino txikiagoa da.

2002. eta 2010. urteen artean PwCk tankera honetako 548 akordio itxi zituen Luxenburgoko zerga agintariekin. Sektore eta jarduera guztietako konpainiak agertzen dira zerrendan. Horien artean daude Ikea, Heinz, Deutsche Bank, AIG eta ehunka gehiago. Luxleaks izena hartu du eskandaluak, eta politika europarra zeharo zipriztindu du. Izan ere, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berria Luxenburgoko lehen ministro — eta hainbat urtez, ogasun ministro — izan zen akordioak baimendu zirelako urteetan.

Legezkoa, ala ez

Luxenburgoren defentsa ildoa ezaguna da: zerga akordio horiek ez dute Europako Batasuneko legea urratzen. Junckerrek berak baliatu zuen argudioa, auziari buruz egindako lehen agerraldian. «Ez nahiz Luxenburgoko ereduko arkitektoa, eredu hori ez baita existitzen». Legezkotasun horri buruz inolako zalantzarik ez badu ere, EBko mandatari berriak bai onartu du akaso sistema horiek ez direla beti bidezkoak izan beste herrialdeenganako, eta estandar «etiko eta moralak» urratu izana posible dela aitortu du.

Europako Batasunak bere barruan dituen kontraesan politiko eta ekonomikoen muina jotzen du eskandaluak. Berez, zerga politika arautzea herrialde bakoitzaren eskumena da, eta lehia bizia egon ohi da konpainiak erakartzeko. Kritika ugari sortu zituen, esaterako, Irlandari milaka milioi euroko erreskatea eman ondoren — eta herritarrak estutzen ziren bitartean — sozietate zergaren tasa %12,5ean geratzea baimendu izana, EBko txikienetako bat.

Ogasunen eta konpainien artean isilpeko zerga akordioen hedapenak ere susmoaren itzala zabaldu du. Gutxienez, Europako Batasuneko 22 herrialdeek tankera honetako akordioak dituzte martxan. Itzalak auditoria enpresen egitekoei buruzko zalantza areagotu du. Eskandaluko dokumentuak enpresa bakarrekoak dira —PwC—, baina ez da halako zerbitzuak eskaintzen dituen bakarra. KPMG, Ernst&Young, eta Deloitterekin batera sektoreko lau handiak osatzen ditu PwCk.

Arazoa eta erantzuna

Krisi ekonomikoak multinazionalen zerga ihesari buruzko kezka nazioartera zabaldu du. Ez bakarrik gizartean, baliabide ekonomiko gutxiagorekin lan egiten ari diren gobernuak ere arduratuta daude. Ekonomia global eta digitalak zirrikitu gehiegi eskaini dizkie konpainiei, eta benetan irabaziak eta diru sarrerak lortzen diren lekuan zergak ordainarazteko printzipioa ez da betetzen ari. G20ko taldean arazoari konponbidea bilatzeko eskatu zitzaion OCDEri. Erakundeak lehenbiziko proposamen bat igorri zuen urrian, baina oraindik argilun ugari daude.

Nazioarteko akordioen bidez zerga ihesari benetan mugak jartzeko neurriak atzeratzen diren bitartean, pilota Europako Batzordearen teilatuan dago. Begirada guztiak Margrethe Vestager Lehia komisario berriari so daude. Joaquin Almuniaren ordezkoak kudeatu beharko du aurrerantzean erakundeko presidenteari, Junckerri, zuzenean eragiten dion kasua.

Nondik abiatu badu Vestagerrek. Multinazionalei ezarritako zerga tratuei buruz hainbat ikerketa zabalik ditu Bruselak. Oraingoz, lau dira. Amazonen eta Fiat Financen akordioak ikertzen ari da Luxenburgon, Starbucksenak Herbehereetan, eta Appleri dagozkionak Irlandan. Kasu horien inguruko azterketa 2015. urteko ekainerako itxi nahi du Lehia komisarioak, erabaki bat hartzeko. Horrekin batera, Belgika, Erresuma Batua eta beste pare bat herrialde galdekatu ditu Bruselak, antzeko akordioei buruz. Vestagerrek ziurtatu du Luxleaks kasuko dokumentazioa merkatu informazioa iruditzen zaiela, eta ikerketa gehiago abiatu ahal izateko balio duen aztertuko dituztela agindu du.

Zergak arautzeko eskumena estatuek dute, eta konpainiekin akordioak egitea ez dago berez debekatuta. Hortaz, bestelako hurbilketa bat bilatu du Bruselak itunen legezkotasuna auzitan jartzeko. Akordio horiek konpainia batzuen mesederako izateak beste batzuen kalterako izan ote den argitu nahi du. Hala balitz, lehia askearen arauak urratuko lituzkete, eta legez kanpoko estatu laguntzak lirateke, EAEko opor fiskalekin gertatu zen modura.

Zerga ihesaren aurka nazioarteko giroa gogortu izanak aurrerapen txiki batzuk eman ditu. Irlandako gobernuak utziko dio double irish izeneko sistema polemikoa erabiltzeari. Horri esker, zerga kontuetarako bi egoitza izatea baimentzen zitzaien enpresei, bat Irlandan eta bestea, gehienetan, zerga paradisu batean, eta irabazi gehienak bigarren horretara bideratzen zituzten, zergarik ia ordaindu behar ez izateko. Hori bai, gaur egun duten egitura egokitzeko 2020. urtea arteko epea eman zaie enpresei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.