Zerga iruzurraren aurkako borrokan sakontzeko asmoz, fenomenoari buruzko azterketa eguneratu bat eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Enkargua hartuta, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen, eta gaur azterketa horren emaitza argitaratu du Ogasun Sailak. Ignacio Zubiri, Mari Carmen Gallastegi eta Javier Fernandez-Macho EHUko katedradunek gidatu dute ikerketa.
2000 eta 2014 urteen artean ekonomia ezkutuak eta iruzurrak izan duten garapenari buruz argia ematen saiatu dira egileak. Tarte adierazgarria da, besteak beste horren barruan bi atzeraldi igaro dituelako euskal ekonomiak. Zerga kontuetarako isilpean gordetzen den ekonomiaren tamaina kalkulatzen ahalegindu dira, lehenik eta behin. Oro har, 10.000 eta 11.000 milioi euro bitarteko tamaina izan du aztertutako garaian. Azken datuaren arabera, BPG barne produtu gordinaren %17,4 da orain, Espainiarako egin diren kalkuluen azpitik baina Europako Batasuneko batez bestekoetan.
Aitortu gabeko jarduera horiek eragin zuzena dute zerga bidez ogasunek bildutako diruan. Ikertzaileek kalkulatu dute urtero 3.700 milioi bildu gabe uzten dituztela administrazio publiko guztiek, ezkutuko ekonomia horren ondorioz. Hamar eurotik sei itundutako zerga orokorrei dagozkie. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek kudeatzen dituztenak. EAEko administrazioak, ondorioz, urtero 2.320 milioi euro galtzen ari dira. Diru guzti hori eskuratzeak ogasunen zerga bilketa ia %20 handituko zuen 2014. urtean.
Enplegua ere aztertu du ikerketak. Lanpostuei buruz egindako ikustaritzen %19,6tan legeztatu gabeko langileak atzeman ziren, 2012-2014 artean. Ikertutako enpresek zituzten lanpostuen %6,5 dira. Ostalaritzan, zerbitzu profesionaletan eta merkataritzan zegoen azaleratutako enpleguaren erdia baino gehiago. Iruzurra non egiten den jakitea ezinbestekotzat jo dute egileek.
Horrekin batera lanbide profesionalek eta enpresek aitortzen dituzten jardueren eta kontu ekonomikoen arteko desoreka neurtu dute. Gutxi gorabehera, alor horietan iruzurra EAEko BPGaren %8 ingurukoa izan daitekeela zehaztu dute metodo horrekin. Hots, iruzur orokorraren erdia azalduko luke desoreka horrek. Ostalaritzan, eraikuntzan eta garraioan desorekarik handienak daude aitortutakoaren eta produzitzen denaren artean.
Eraginkortasuna neurtu
Egileek hainbat gomendio egin dizkiete erakunde publikoei, emaitzekin batera. Iruzurraren ezaugarrietan gehiago sakondu beharra defendatu dute, eta horretarako Iruzurraren Behatoki bat eratzea proposatu dute. Behatoki horren lana izango litzateke iruzurra kuantifikatzea, hartutako neurriak baloratzea, iruzurraren aurkako borrokaren eraginkortasuna neurtzea eta zorrak kobratzea.
Horrekin batera, ogasunek iruzurra murrizteko egiten ari diren lanaren eraginkortasuna adierazteko neurgailuak sortzea eskatu dute. Horren bidez posible litzateke borroka horren errentagarritasun ekonomikoa neurtzea, egileen aburuz.