Zerga ituna, Kataluniaren eta Madrilen arteko hurrengo gatazka

Finantzaketa eredu berriari buruzko proposamen bateratua lortzen saiatuko dira alderdi katalanak

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Asteazkenean dute ordua. Egun horretan bilduko ditu bere inguruan Kataluniako alderdi nagusietako buruak Artur Mas Generalitateko lehendakariak. Mahai gainean, Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremanak gehiago gaiztotzeko gaitasuna duen gai bat: zerga ituna.

Izen neutro horren atzean ezkutatzen dena ez da hutsala: Kataluniak finantzaketa eredu propioa nahi du, oraingoarekin Espainia gehiegi finantzatzen duela uste baitu. Andreu Mas-Colell Ekonomia sailburuak martxoan emandako datuen arabera, 1998az geroztik bere BPGaren %8 eman dio, urtero, Espainiari. Hau da, Katalunian zergetan bildutako ehun eurotik zortzi ez direla itzultzen. Kalkulua egin duten azken urtean, 2009an, 16.409 milioi izan ziren, BPGaren %8 ,4.

Defizit hori gutxitzen saiatu dira Kataluniako azken gobernuak, Madrilgo agintariekin hitzartutako finantzaketa eredu berriekin. Baina emaitzak eskasak izan direnez, CiUk urrats bat harago egitea erabaki zuen azken hauteskundeetan, eta, aurretik independentista batzuek bezala, finantzaketa eredu guztiz berria eskatu zuen: Madrilek emango dion diruaren zain egon beharrean, zergak Katalunian biltzea eta zati bat Espainiari ematea. Funtsean, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak Estatuarekin duten zerga harremana.

CiUk 2010eko azaroko bozak irabazi zituen, eta legegintzaldiaren helburu nagusitzat jarri du Estatuarekin beste zerga itun bat lortzea. Eskaerarekin bat egin dute herritar gehienek: azken inkesta baten arabera, %60k nahi dute Kataluniak zerga sistema propioa izatea, eta %6k baizik ez dute gogoko oraingo sistema. Krisiak Kataluniaren finantzaketa eskasa inoiz baino ageriago utzi duenez, gizarte eragile gehienek ere bestelako eredu bat eskatzen dute orain, Foment del Treball enpresaburuen elkarteak barne.

PSCren eta PPren saioa

Herritarren iritziarekin batera aldatu dira alderdi politiko uzkurrenak ere. Guztiek eskatzen duteorain bestelako finantzaketa bat. Hori bai, ñabardurekin. Statu quo-aren orain arteko defendatzaileak, PSC eta PP,proposamen bateratua ahal bezain bat urardotu nahian dabiltza: sozialistek proposatu dute Estatu zentralak eta Generalitateak zergen banaketa partekatzea, eta popularrek, berriz, Kataluniak zergen zati handiago bat gordetzea. Bi proposamen horiek motz geratzen zaizkio ERC eta SI independentistei, baina baita CiUri ere.

Baina gobernuko koalizioaren barnean ere adostasuna ez da erabatekoa. Batez ere, Espainiako Gobernuak zerga itunari ezezkoa ematen badio, orain arte egin duen moduan —eta Masek berak espero duen moduan—. Hori gertatuko balitz, Generalitateko eta Convergenciako buruak iragarri du Kataluniak Ogasun propioa sortuko lukeela eta aurre egingo liokeela Estaturi. Alde bakarreko erabaki hori ez du gogoko Josep Antoni Duran i Lleidaren Uniok, eta eskatu du B planei buruz ez pentsatzeko, artean plan nagusiak porrot egin ez duenean.

Ezezkoa etorriko balitz beste karta bat gordeta du Generalitateak: galdeketarena. Martxoan onartu zuen Parlamentuak bere eskumenekoak ez diren gaiei buruz herri galdeketak egiteko legea. Masek erabiliko duela ohartarazi dio Espainiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.