Gizarte justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko helburuarekin, ekintza sindikal erasokorra egiteko baldintzak badaudela uste du LAB sindikatuak. 2004ko lehen urte erdiko datuak oinarri, Hego Euskal Herriko fiskalitateari eta enpleguari buruzko txostena landu du, eta, bertan ondorioztatutakoaren arabera, zerga politikak gero eta atzerakoiagoak dira, lanpostuak galdu dira eta kontratazio politika enpresaburuen etekinen hazkunde iturria da.
-Zerga politika: LABek bildutako datuen arabera, 2004rako aurreikusitako zerga sarreren %53 etorriko da zeharkakoetatik, %45,9 zuzenekoetatik eta %1,2 tasa eta bestelakoetatik. «Zeharkako zergak gutxikorrak dira fiskalki, ez baitute aintzat hartzen zergapekoen ahalmen ekonomikoa». LABen ustez, «Hego Euskal Herrian eztabaidaezina da zerga sistema atzerakoia dela». Zerga zuzenen barruan, berriz, PFEZak gehikortasuna galdu du, eta, gainera, 2000 urtean aitortutako errenten %80 soldatapeko lanarenak izan ziren.
Are gehiago, iruzurrak «errenta handienetan egiten dira, batez ere kapitaletik eta enpresen eta profesionalen jardunetatik datozen errentetan, kontrolatzeko zailagoak direlako».Presio fiskalari dagokionez, BPGren %36,6koa zen 2000 urtean, Hamabosten Europakoa baino %9,4 txikiagoa. Aldiz, Hego Euskal Herrian babez sozialean egiten den gastua EBkoa baino %7,5 txikiagoa da.
-ENPLEGUA: Urteko lehen erdian 2.600 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasaren jaitsiera biztanleria aktiboaren murrizketatik etorri da. Emakumezkoak eta gazteak dira alor horretan egoera okerrena pairatzen dutenak. Landunen %40,5 soilik dira oraindik emakumezkoak. Gazteetan berriz, 10etik zazpik aldi baterako kontratua dute. Hain zuzen, Europako Batasuneko batez besteko aldi batekotasun tasa %13koa da, eta %26,6koa Hego Euskal Herrian.
-Kontratazioa: Urtarriletik abuztura, 645.915 kontratu zenbatu dira INEMen Hego Euskal Herriko bulegoetan, iazko epe berean baino 51.034 gehiago. Hori bai, hazkuntza gehienbat aldi baterako kontratuetan eman da, 49.017 gehiago izan baitziren. Kontratuen %92,3 izan dira aldi baterakoak, eta gainerako %7,7 mugagabeak. Iaz mugagabeak izan ziren kontratu berrien %8, eta 2002an %8,5. ABLEen bidez, 40.161 kontratu egin ziren lehen hiruhilekoan, iaz baino %12 gehiago.
FISKALITATEA. ZERGAK ETA ENPLEGUA
Zerga politika «zuzenagoak» nahi ditu LABek, «litekeena delako»
Zerga politika gehikorragoak egiteko, babes sozialean Europako Batasunarekin bateratzen joateko eta lanaldia murriztuz enplegua sortzeko marjina badagoela ondorioztatu du sindikatuak txosten batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu