Zerga sistema «errotik aldatzeko» eskatu du Eskubide Sozialen Gutunak

Aberastasuna zergapetzea eta %35eko sozietateen zerga jartzea nahi dute, besteak beste. Azaroaren 28an manifestazioa egingo dute, Iruñean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideak, atzo, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eskaerak erregistratu ditu, diru sarrera publikoak handitzeko, zergen ekitatea eta progresibitatea handitzeko, eta banaketa gaitasuna hobetzeko bere ustez beharrezkoak diren aldaketekin. Hala, ELA, LAB eta beste zenbait sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen taldeak hainbat neurri proposatu ditu aberastasunaren jabetza eraginkortasunez zergapetzeko.

Ondarearen gaineko zergaren tarifa bikoiztea da horietako bat; baita zerga horretan hobariak kentzea ere, eta gutxienekoa 350.000 euroan ezartzea. Beharrezkotzat jo dute ondarearen gaineko zergaren eta errentaren zergaren baturaren mugak ezabatzea ere.

Testuingurua aintzat hartuta, berehalako neurri gisa, ondarearen gaineko zergan emendatze berezi bat ezartzea ere proposatu dute, zeina progresiboa litzatekeen, %1 eta %10 artekoa.

Eskubide Sozialen Gutunak beste emendatze berezi bat ere posible ikusten du sozietateen zergan, 2019. urteko irabazien %20koa. Horrez gain, sozietateen zergako kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatzea eta zerga tasa %35era igotzea ere proposatu du.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga progresibo baterako, berriz, kapitalaren tarifa espezifikoa kendu nahi dute; horrela, errenta iturri guztiek tratamendu bera jaso dezaten, eta progresibitate eskala berari lotuta egon daitezen. PFEZaren gehieneko tasa marjinala %60ra igotzeak eta tarifa tarteen kopurua handitzeak ere balioko luke, Gutunaren ustez, errenta zergaren progresibitatea handitzeko.

Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, oinarrizko produktuei BEZa murrizteko eta luxuzkoei handitzeko eskatu dute.

Zerga sistemaren aldaketa da, hain zuzen, Gutunak Iruñean datorren azaroaren 28rako deitu duen manifestazio «erraldoian» egingo duen aldarrikapenetako bat. Sistema aldaketa bat eskatuko dute, «bizitza eta zaintzak benetan erdigunean jarriko dituena, pribatizazioen aldeko apustua egitetik zerbitzu publikoak indartzearen aldeko beharrezko apustua egitera pasatuko dena».

CCOOren eskaera

Nafarroako CCOOk ere zerga sisteman aldaketak egiteko beharra azaldu zuen atzo, Iruñean. Sindikatuaren aburuz, aldaketa bat behar da krisiak dakarren aberastasunaren pilaketa eta gehiengoen pobretzea eragozteko. Proposatutako aldaketen artean dago sozietateen zergaren gutxieneko tasa %15ean ezartzea, egiaz %10 inguruko tasa ordaintzen dutelako batez beste. Kapital errenten zergapetzea lan errenten parekoa izatea ere nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.