ZERGAK

Zerga txiki bat ordaindu beharko dute bankuek Nafarroan

Bere gordailuen %0,03ko tasa bat pagatuko dute, Ezkerrak proposatutakoaren hamarren bat.

Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 10a
21:15
Entzun

UPN-PSN bikoak praktikoki ezerezean utzi du bankuen gordailuei zerga bat ezartzeko asmoa. Zerga izan izango da, baina %0,03koa baizik ez da izango, Ezkerrak proposatutakoaren hamarren bat baizik ez (%0,3 eta %0,5 artean). Horregatik, abstentziora jo dute Ezkerrak, Bilduk eta Aralar-NaBai taldeek. Kontrako botoa eman dute Geroa Baik eta PPk.

Gainera, finantza erakunde askok gutxiago ordainduko dute. Izan ere, UPNk eta PSNk legegaiari egindako aldaketen ondorioz "Nafarroan egoitza soziala" duten bankuek %20 arteko kenkaria izango dute zerga horretan. Kreditu kooperatibek ere (Nafarroako Rural Kutxa eta Laboral Kutxa) %0,25eko kenkaria izango dute. eta %2koa, berriz, maileguak ematen dizkietenei "enpresa txiki eta ertainei, autonomoei edo interes sozialeko proiektuei". 

Ezkerraren haserrea

Ezkerrako parlamentari Jose Miguel Nuinek begi txarrez hartu du UPNk eta PSNk bere proposamena urardotu izana.  "Gezurra da krisitik guztien artean ateratzeko asmoa dagoela; gehiengoaren lepora atera nahi dute. Bankuei zerga bat ezartzea proposatu dugu eta ez dago modurik. Bankuak ukiezinak dira. Ehunka mila etxegabetuak dagoeneko ari dira krisia ordaintzen, preferenteek engainatutako ehunka mila lagunak epaitegien aurrean ilaran daude egin dieten iruzurraren zati bat berreskuratzeko".

Ildo horretatik jo dute diputatu abertzaleek ere. "Justizian oinarritutako zerga bat zen, eta bildu behar zen dirua herritarren mesedetara erabiltzekoa", esan du Maiorga Ramirez Bildukoak, eta UPNren eta PSNren jarrera salatu du. "Garrantzia duten gaietan, PSNk ezin dio eskuinaren zaintzari iskin egin", deitoratu du Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek.

Bikoaren poza

Zuzenketak guztiz defendatu dituzte, berriz, UPNk eta PSNk. "Moderatuagoa geratu da legea, lortu nahi duen helburutik gertuago geratu da", txalotu du Carlos Garcia Adanero erregionalistak. "Gaur egunera egokitutako zerga" izango dela ziurtatu du Juan Jose Lizarbe sozialistak, eta etorkizunean aldatzeko aukera dagoela gaineratu.

Moderazio hori ez zaio nahikoa iruditu PPko Ana Beltrani, eta herritarren alde aritu dela esan du bere ezezko botoa justifikatzeko. "Azkenean, kreditu erakunde horiek ordaindu beharko dute zerga, eta horrek kezkatzen gaitu".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.