Fiskalitatea arautzeko eskumen antolakuntza kritikatu du berriro Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Lopezen ustez, ez da «zentzuzkoa» gastu gehien dituen administrazioak diru sarreren inguruan erabakitzeko aukerarik ez izatea. Fiskalitatean eskuduntzarik ez duen «Europako gobernu bakarra» Jaurlaritza dela azpimarratu zuen, gainera.
Euskal Autonomia Erkidegoko arkitektura instituzionalari buruzko eztabaida sarritan errepikatu da azken hilabeteotan, batez ere fiskalitateari dagokionean. Jaurlaritzatik zerga politikari buruzko neurriak bultzatzen saiatu da PSE-EE, arrakasta oso gutxirekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan foru aldundiek eta batzar nagusiek dute arau fiskalak proposatu, kudeatu eta onartzeko eskumena.
Lopezen kexa ez da berria. Tentsio uneak ere ugariak izan dira gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean. Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, esaterako, Jaurlaritzaren kontuak «ito» nahi izatea egotzi zien aldundiei. Foru ogasunek biltzen dituzte itundutako zergen ordainketak, baina ondoren diruaren %70 Jaurlaritzari ematen diote, zerbitzu komunak ordaintzeko. Banaketa hori Ekarpen Legeak finkatzen du, baina ogasunak foru eskumena direla Gernikako Estatutuak eta Kontzertu Ekonomikoak argi uzten dute.
Hauteskundeen babesa
Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidearen galdera bati erantzun zion Lopezek. Politika fiskala Eusko Legebiltzarraren esku uzteko neurriak eskatu zizkion Basabek. Lopezek aldaketa horien alde dagoela iradoki zuen, baina onartu zuen horrelako aldaketa sakon batek hautesleen babesa behar duela.
Agintaldi honetarako hauteskunde programan inork ez zuela tamaina horretako aldaketarik proposatu azaldu zuen Lopezek. Joan den maiatzaren 22ean egindako foru eta udal hauteskundeetan ere fiskalitateari buruzko erabakimena Legebiltzarrera lekualdatzea ez zuen ez PSE-EEk ez beste inork proposatu.
Zergak arautzea Legebiltzarraren esku jartzeko aukeraren alde agertu da Lopez
Lehendakariak esan du hauteskundeen babesa behar dela eskumen aldaketa sakon bat egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu