107 milioi euro gutxiago. Hori izanen da Nafarroan aurrekontuetan gastua %2,3 jaisteko Gobernuaren erabakiaren ondorioa, ELAren hitzetan. Hori, ordea, ez da konponbidea egungo egoera gainditu ahal izateko, sindikatuaren aburuz. Horretarako, arazoa konpontzeko, zergen presioa areagotu beharra dago, batetik, gehiago dutenek gehiago eman dezaten, eta, bertzetik, gizarte gastua handitu beharra dago. Horixe azpimarratu dute Nafarroako ELAko koordinatzaile Mitxel Lakuntzak eta sindikatu horretako ikerketa bulegoko kide Iñaki Zabaletak.
Nafarroako aurrekontuetako gastuan erabakitako jaitsierak ondorio zuzenak baditu zerbitzu publikoetan, Lakuntzaren hitzetan; bertzeak bertze, osasunaren esparruan. «Maria Kutz kontseilariak iragarri du jada hainbat osasun etxe ixteko aukera». ELAko arduradunaren hitzetan, Nafarroako agintariek ez dute aberastasunaren banaketari buruzko eztabaidarik egin nahi, eta, horren ordez, «nahiago dute aberatsak, enpresak eta gehien dutenak babesten jarraitu».
Errenta nagusiei so egin zien, hain zuzen ere, Zabaletak, eta egungo sistemak haiei egiten diela mesede salatu zuen. «Hego Euskal Herrian ez zaio aurre egin zerga iruzurraren arazoari, errenta handienen eta enpresen gaineko zergak murriztu dituzte eta ondare zerga kendu dute». ELAren ustez, zerga iruzurraren kontrako borroka da egungo krisia gainditzeko martxan jarri beharreko neurri nagusietako bat. «Diru sarrerak handitzea funtsezkoa da», zehaztu du Zabaletak.
Sindikatuak, halaber, zergen presioarekin lotu du defizit publikoa. «Zergen presioa zenbat eta txikiagoa izan, defizit publikoa gero eta handiagoa izanen da», erran du Zabaletak. Eta horixe erakusten dute, haren hitzetan, Europako hainbat herritako datuek.
Zerga iruzurrari aurre egiteaz gain, zergen inguruko bertzelako proposamenak ere egin ditu ELAk; bertzeak bertze, ondare zerga berrezartzea. «Zergen bidez biltzen den dirua handituz gero, gastu publikoa ez litzateke murriztu beharko».
Zergen presioa handitzeko beharra azpimarratu du ELA sindikatuak
Gizarte gastua murriztea ez da egungo egoera gainditzeko konponbidea, Mitxel Lakuntzaren hitzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu