Zergetan, hiru eurotik bi langileek pagatzen dituztela salatu du ELAk

Zerga politika errotik aldatzea eta azken erreformak atzera botatzea eskatu du sindikatuak

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gizartearen gehiengoaren kontra biltzen dira zergak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ondorio horretara heldu da ELA administrazioek iaz bildutakoa aztertu ondoren. Langileek ordaindutakoa sozietate zergarekin eta kapital errentekin bildutakoa baino askoz gehiago dela dio sindikatuak, ia bikoitza.

Euskal Autonomia Erkidegoan zergak arautzeko eskumenak badirela gogorarazi zuen Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak, eta, hala ere, bilketa gero eta «bidegabeago» egiten dela salatu zuen. EAEko zerga politikak, hartara, «errotikako aldaketa» behar duela esan zuen, eta urteotako erreformekin atzera egitea eskatu zion administrazioari, ondasunen gaineko zerga berrezarri eta sozietate zerga igotzeko, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 12.834 milioi euro bildu zituzten 2008an ogasunek, aurreko urtean baino %6,8 gutxiago. ELAk aurkeztutako txostenaren arabera, enpresen, profesionalen eta kapitalaren gaineko zergekin gutxiago, %9,7, bildu delako egin dute behera administrazioen aurrekontuek. Izan ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) bitartez bildutakoa, lan errentei dagokiena, %7 igo zen.

Administrazioak zerga zuzenekin eskuratu dituen ehun eurotik, langileen errentek 65 euro eman dituztela nabarmendu du ELAk, eta enpresa, profesional eta kapital errentek, berriz, euro baizik ez. Horien gaineko zergetatik, sozietate zergak izan du beherakadarik handiena, 2007an baino %16,8 gutxiago bildu baitzuen iaz. Azaldu zuenez, zerga hori murriztu izanaren ondorioa da eta «ez krisialdi ekonomikoarena».

Krisiaren abagunea

Zerga bilketaren onuradun bakarrak enpresaburuak izatea deitoratu zuen Muñoak; izan ere, «abagunea baliatuta haien aldeko neurri gehiago eskatzen dituzte». Bitartean, zerga politika gizarteari «bizkarra emanda» egitea gaitzetsi eta iruzurra «izugarri» handitzen ari dela ohartarazi zuen ELAkoak.

Ugazaben jarrera salatu zuen Mikel Noval sindikatuko gizarte saileko arduradunak, kaleratzeak merkatzeko eta sozietate zerga are gehiago jaisteko eskatu berri dutelako: «Enpresaburuak aseezinak dira, eta administrazioak kasu gehiegi egiten diete», esan zuen. EAEko enpresek, gainera, «beste inon baino gutxiago» ordaintzen dutela nabarmendu zuen Novalek.

Zerga politika, «justiziarekin» zerikusia izateaz gain, bilketaren emaitzarekin lotuta dagoela azpimarratu zuen Muñoak. Izan ere, «egun, egoera larri honetan, gastu soziala handitzeko premia» dago. Egungo ereduarekin, alabaina, gutxitzen ari dela deitoratu zuen. Zergak, besteak beste, langabezian daudenak laguntzeko direla oroitarazi zuen. Zergak murriztuta «jendearen beharrei erantzuterik ez» dagoela esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.