Defizit publikorik ez 2020. urterako. Espainiako Gobernuak atzo martxan jarri zuen erreformak urte horretatik aurrera kontu orekatuak edo superabitarekin aurkeztera derrigortuko du administrazio publiko oro, Hego Euskal Herrikoak barne. Erreforma, gainera, joan den urtean Espainiako Konstituzioa aldatzerakoan aurreikusi zena baino are zorrotzagoa da.
Aurrekontuen Egonkortasunerako Lege Organikoaren bidez, funtsean, administrazio guztien finantza egoera ikuskatzeko eta kontrolatzeko bitarteko gehiago eskura izango ditu Espainiako Gobernuari. Neurri horri esker «enplegua eta hazkundea itzultzeko finantzaketa» bermatuko dela ziurtatu zuen Cristobal Montoro Ogasun ministroak, baina ez zuen ezkutatu mezua benetan norentzat zen. «Legeak nazioarteko inbertitzaileen aurrean irmotasun itxura berreskuratzeko balioko digu».
Jokalekua gehiago estutzea erabaki du PPk. Konstituzioari 135. artikulua gehitu zitzaionean muga zehatzak lege baten bidez finkatzea adostu zuten PSOEk eta PPk. Akordio horren arabera, 2020. urtetik aurrera %0,4 izan ahalko zen egiturazko defizita (%0,26 Espainiako Gobernuak eta %0,14 erkidegoek). Muga orokor hori kendu du Mariano Raxoiren gobernuak orain. Defizita izatea — %0,4ko mugarekin — soilik «aurrekontuan luzera begira eragina duten egiturazko erreformak» onartzen badira baimenduko da. Europako Batasunak esku artean duen muga (%0,5) baino are gogorragoa ezarriko du PPk.
Hala eta guztiz ere, diru sarreren gainetik gastatzeko baimena izango dute erakunde publikoek hiru kasutan: hondamendi naturala, atzeraldi ekonomikoa, edo aparteko larrialdiak gertatzen badira. Azken horretan zer sartzen den ez du zehaztu gobernuak. Horiek gertatzen direnean defizit muga urratzeko Espainiako Kongresuaren gehiengo osoaren oniritzia beharko da.
Zero defizitaren politika jarraitu beharko dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, foru aldundiek eta 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek ere. Guztiek finkatu beharko dute urtero gehieneko gastu muga — Eusko Jaurlaritzak honezkero egiten du —, eta aurrekontuen «ildo nagusiak» aldez aurretik jakinarazi beharko dizkiote Espainiako Ogasun ministerioari.
Superabit egoerak ez zaizkie arrotzak euskal sektore publikoari. 2000 eta 2007 artean, orokorrean hartuta, superabit esanguratsuak izan zituzten EAEko eta Nafarroako administrazioek. Atzeraldi Handiak egoerari buelta eman zion. Espainiako administrazioaren zatia alde batera utzita, 2009. urtean defizita %5,1 izan zen EAEn eta %2,7 Nafarroan.
Defizit mugatik aparte, aldez aurreko beste baldintza esanguratsu bat ezarri nahi du Raxoiren gobernuak. Gastu igoerak ezin izango du gainditu ekonomiarentzat espero den hazkundea. Austeritatea indartzeko neurritzat jo zuen Montorok. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua begiratuta, ekonomia %3 eta %4 bitartean hazi zen urteetan zerga bilketa eta aurrekontu gastuak %10 eta gehiago igo ziren.
Zigorrak urratzaileentzat
Europako Batasunak herrialde kideen finantzak kontrolatzeko erabiltzen dituen irizpideak Espainiara lekualdatu nahi ditu gobernuak. Helburua betetzen ez duten administrazioek urtebetean egoera bideratzeko plana prestatu beharko dute. Epea gaindituta plana ez badute betetzen, euren BPG nominalaren %0,2koaren pareko gordailua prestatu beharko dute. Sei hilabetean aldaketarik ez badago isun bihurtuko da gordailua. Adibide bat jartzearren, Jaurlaritzaren kasuan isuna 130 milioi eurokoa litzateke.
Isuna eta guzti finantzak orekatzeko pausorik ez badu ematen, Ogasun Ministerioak ordezkaritza bat bidaliko du administrazio horren kontuak aztertu eta konponbideak eskatzeko. «Ez da bisita atsegina izango», ziurtatu zuen Montorok, eta erreskatea jaso duten herrialdeetara EBk, NDFk eta EBZk bidaltzen dituzten ordezkaritzekin parekatu zituen.
2020. urtea arteko bide orria ere prest dago. Administrazio guztien defizit globala Espainiako BPGaren %0,8 jaitsi beharko da urtero. Hazkundea badago, zorpetzea murriztu beharko da. Hazkundea %2 izanez gero, bi puntu jaitsi beharko da zorpetzea.
Zorraren krisia. Mugak defizitari
Zero defizitaren erresuma
2020. urterako administrazio guztiek kontu orekatuak edo superabitarekin aurkeztera derrigortuko ditu Espainiako GobernuakEuropak ezarri nahi duen muga baino are gogorragoa izango da PPk sustatuko duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu