Opor fiskalak ez ziren legezkoak. Urte luzez auzitegiz auzitegi izandako lehian garaile atera dira Europako Batzordearen tesiak, eta galtzaile euskal erakundeek defendatu dituztenak. Alegia, enpresak erakartzeko helburuarekin 1990eko hamarkadan indarrean egon ziren zerga kenkari eskuzabalak estatu laguntza ziren, eta ez zetozen bat Europako Batasuneko legearekin.
Auziaren mamiari eragiten zion azken epaia kaleratu zuen atzo Europako Justizia Auzitegiak. Ebazpenean Europako Batzordeak eta Lehen Auzialdiko Auzitegiak aldez aurretik esandakoa berretsi, eta foru aldundien nahiz merkataritza ganberen helegitea errefusatu dute hirugarren aretoko epaileek. Neurri batean, espero zitekeen erabakia, joan den ekainean opor fiskalen beste auzi bati jarritako helegiteak erantzun bera jaso zuelako.
Epaia irmoa da. Ez dago horren aurka nora jo. Europako Justiziak eman dizkien aukera guztiak baliatu dituzte euskal erakundeek kenkarien alde. Porrot egin dute. Amaitu da prozesuaren ibilbidea, baina oraindik epilogoa idatzi behar da, eta ez da nolanahikoa izango. Enpresek jaso zituzten diru laguntzak aldundiei itzuli dizkieten edo ez eta Bruselak egindako eskaerei jaramon ez egiteagatik isuna jarriko dien edo ez erabaki behar du Europako Justizia Auzitegiak.
Opor fiskalak legez kanpokotzat jo zituenean, emandako laguntza oro itzuli behar zela ohartarazi zuen Europako Batzordeak. Bruselak Espainiari kargu hartu zion, estatuari zegokiolako erabakia betetzen zela bermatzea. Urte batzuen bueltan, kenkariak berreskuratu ez zirela argudiatuta, Batzordeak Europako Justizia Auzitegira jo zuen. Salaketa horretan 236.044 euroko zigorra eskatu zuen Espainiarentzat ebazpena bete ez den egun bakoitzeko, eta beste 25.817 euro lehen jakinarazpena atera zuenetik — 2006ko abenduan — hurrengoa argitaratu arte. Kalkulu batzuen arabera, honezkero 40 milioi baino gehiago da balizko isuna. Zigorra Espainiaren izenean atera arren, faktura aldundiei ordainaraziko diela azpimarratu du Zapateroren gobernuak. Epaia iritsi arte bi urte igarotzea posible da.
Laguntzekin zer gertatu den da arazoa, eta hor ez dago adostasunik. Aldundiek behin eta berriro ziurtatu dute emandako diru guztia honezkero berreskuratu dutela, baina Europako Batzordea ez da fio. Aldundiek emandako azalpenak ez ditu, oraingoz behintzat, ontzat jo nahi izan. Indarrean egon ziren bitartean 300 enpresa inguruk baliatu zituzten.
Azken helegiteak ere porrot egin zuela jakin bezain pronto, ondorio ezaren tesia haizatu zuten berriro Bizkaiak eta Arabak. Bizkaiak, gainera, 2007 urterako diru guztia berreskuratu zuela defendatu zuen, eta kopuru zehatzak eman: 96,3 milioi euro kenkarietan, eta beste 38,5 milioi atzerapen interesen truke. Antzeko azalpena eman zuen Arabako Ogasun ahaldun berriak, Jose Zuritak. «Diru guztia berreskuratu dugu, ez dago hori interpretatzeko aukerarik. Ordainketa etxe honetan egin eta kobratu da». Opor fiskalak ematen ziren garaian Zurita Arabako Enpresaburuen Elkarteko idazkari nagusia zen.
Zuhurtzia Gipuzkoan
Prozesu judiziala martxan egon den bitartean, tartean zeuden euskal erakunde guztiek ia aho batez erantzun izan dute. Eusko Jaurlaritza eta aldundiak EAJren eskuetan egon izan dira, eta Arabakoa PPk kontrolatu zuenean ere, ez zen jeltzaleen bide orritik desmarkatu. Haatik, auziaren amaieran egoera bestelakoa da, erakunde bakoitzak kolore politiko ezberdina duenean. Jaurlaritzak eta Gipuzkoak zuhur erantzun zuten atzo, esaterako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak epaia «sakon» aztertuko duela aurreratu zuen, datu guztiak begiratu eta ondorioak hartu baino lehen. Hori bai, epaia onartzeko borondatea duela, eta orain arte EAJk eramandako politika fiskalarekin ez datorrela ados argi utzi zuen. «Ez dugu opor fiskalen bide hori jorratuko. Gu ez gaude hemen gipuzkoarren dirua xahutzeko».
Atzera begirako ildo kritikoa ere agertu zen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan. Auzia «orain dela urte asko» bideratu behar zela uste du Agirrek. «Kontuak ez direnean ondo kudeatzen, ez dute amaiera onik izaten». Laguntzak itzuli izanari eta isun posibleari buruz ez zen beste batzuk bezain baikorra izan. Arazoa «serio eta kezkagarria» dela ohartarazi, eta enpresei ondorioak mugatzeko lan egingo dutela agindu zuen.
Zergak. Opor fiskalen epaia
Zigorra bakarrik falta da
Opor fiskalak betiko legez kanpokotzat jo eta gero, laguntzak itzuli diren eta aldundiei isuna jarriko dien argitu behar du JustiziakErakundeek aukera guztiak baliatu dituzte indarrean izandako kenkariak defendatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu