Zigortutako aholkularitzekin lanean jarraituko du Jaurlaritzak

Soilik auzitegi batek behartuta hartuko lituzke neurriak. Baztertu egin du auditoria bat egitea. Ukatu egin du erantzukizun politikoak argitu behar direla. 

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordearen bilera batean. ASIER BASTIDA (IREKIA)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 21a
16:50
Entzun

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) zigortutako aholkularitzekin, eta zehaztu du «neurriak» hartuko dituela soilik auzitegiek ebazten badute gobernua kaltetua izan dela. Azpimarratu du hori oraingoz ez dela frogatu. Azpiazuk berretsi du enpresa horiei inork ez diela kendu lehiaketa publikoetara aurkezteko eskubidea. «Guk ez diegu betorik jarriko. Zuhurrak izaten ari gara. Auzitegiei lagunduko diegu, baina ez dugu inor aldez aurretik zigortuko».

Lehiaren Batzordeak instituzio publikoekin lan egiten duten 22 aholkularitza zigortu zituen maiatzean, besteak beste Deloitte, PwC eta Idom, eta 6,3 milioi euroko izuna jarri zien. Lizitazio publikoak manipulatzea leporatzen die, kartel baten gisara funtzionatzea, euren artean administrazioaren kontratuak banatzeko. «Espainia Iparraldean» gutxienez 101 lizitazio adostu zituzten euren artean modu horretara, eta horietako batzuek lotura dute Bilboko eta Gasteizko udalek, Jaurlaritzako hainbat sailek eta Bizkaiko Aldundiak egindakoekin.

EH Bilduren galderei erantzunez, Azpiazuk azpimarratu du batzordearen ebazpenak ez dituela ezbaian jartzen lizitazioak, aholkularitza enpresa horien jokabidea baizik. Gaineratu du ikerketan ez dela «zantzurik» aurkeztu Jaurlaritzaren eta enpresa horien jardun okerraren artean, eta salatu du harreman hori dagoela adierazteak edo iradokitzeak, «oposizioko taldeek egiten dute moduan», helburu «manipulatzailea» duela. Ukatu egin du, halaber, aholkularitzen jardunean atzean egon litezkeen erantzukizun politikoak argitu behar direnik, «ez daudelako».

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidean ustez, erantzukizunik ez dagoela uste badu, Jaurlaritzak «biktima» gisa aurkeztu beharko luke bere burua, eta salaketa jarri, «besoak gurutzatuta geratu beharrean». Aurpegiratu dio, halaber, zer gertatu den argitzeko kanpo auditoria ez egitea. Antzera mintzatuElkarrekin Podemoseko David Soto. Haren ustez, «zuhurrena» izango litzateke inplikatutako enpresekin kontratu gehiago ez egitea, gutxienez zer gertatu den argitu arte. PP-Ciudadanoseko Luis Gordillok erebat abiatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.