Zipreri ere bai. Moody's rating agentziak kalifikazioa jaitsi dio. Bi koska: A2tik Baa1era, eta perspektiba negatiboarekin. Datozen hilabeteetan jaitsiera gehiago egiteko aukera zabalik utzi du, beraz. Zergatik? Hiru arrazoi eman ditu jaitsiera justifikatzeko: herrialdearen egoera fiskala, giro politikoaren gaiztotzea eta bankuek Greziarekin duten mendekotasuna.
Uztailaren 11n, inguruko itsasontzi base batean izandako leherketa batek uharteko zentral elektrikorik handiena ia erabat txikitu zuen. Horrek herrialdearen kontu publikoetan eta ekonomian eragina izango duela uste du Moody'sek.
Giro politikoa ere ez da inoizko gozoena, eta istripuaren kontuak are gehiago korapilatu du. Azken egunotan oposizioak behin eta berriz eskatu du presidentearen dimisioa, baina, oraingoz, defentsa ministroak eta atzerri ministroak baino ez dute eman. Alderdien arteko haustura horrek iaz hasitako zerga erreforman sakontzea oztopa dezakeela uste du kalifikazio agentziak.
Hala ere, ahultasunik handienak finantza sisteman topatu dizkio Moody'sek. Herrialdea motelaldian egon den bitartean, oso sendo erantzun dute hango bankuek; euroa darabilten beste herrialde batzuetako krisiaren aurrean, ordea, ez horrenbeste. Azken urteetan, Zipreko banku komertzialek milioi asko inbertitu dituzte Greziako gobernuak eta bankuek jaulkitako zor bonoetan. Iazko urtearen bukaeran, herrialdeko hiru banku komertzial handienen aktiboen erdiek —%53— Greziarekin loturaren bat zuten. Azken urteetan Zipreko bankuek eman dituzten maileguen %40 ere Greziako familia eta enpresentzat izan dira. Soilik hiru banku handienek 23 milioi euroren maileguak eman dizkiete. Horrenbestez, Grezian gertatzen den edozein gorabeherak zuzenean eragiten du Zipreko finantza sektorean eta, ondorioz, baita hango ekonomian ere.
Horiek hala, Moody'sek uste du litekeena dela Zipreko bankuek epe ertainera estatuaren laguntza behar izatea. Epe motzera, aldiz, ez die arazorik aurreikusi. Kapital beharrik ez dutela adierazi du kalifikazio agentziak, eta Greziaren zorra berregituratzearen galerei ondo eutsiko dietela.
Dena dela, Zipreren egoera Greziarena, Irlandarena eta Portugalena baino erosoagoa da. Europako Batzordearen arabera, aurten %1,5 haziko da hango ekonomia eta %2,4 datorren urtean; langabezia tasa, berriz, aurtengo %6,3tik %5,6ra jaitsiko da datorren urtean. Eta defizitari eta zorrari dagokionean, zenbaki txukunak ditu: barne produktu gordinaren %5,1aren pareko defizit publikoa du eta %60ko zorra.
Zipre izango ote da erreskatea beharko duen hurrengoa?
Moody'sek bi koska jaitsi dio kalifikazioa, herrialdeko bankuek Greziarekin duten mendekotasunagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu