Diru politika

Zor erosketaren erritmoa motelduko du Europako Banku Zentralak

Inflazioaren igoeraren eta suspertze ekonomikoaren ondorioz, ezohiko neurriak arintzeko presioa handitu dute ortodoxoek.

Jens Weidmann Bundesbankeko burua, belatz edo ortodoxoen ahots ezagunena. HENNING SCHACHT / EFE
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 9a
11:31
Entzun

Europako Banku Zentraleko usoen eta belatzen arteko eztabaida amaigabea fase berri batean sartu da. Pandemia lehertu zenetik, usoen tesia nagusitu da, hau da, eurogunean jarduera ekonomikoari eusteko gehiago egin behar da, eta ez gutxiago. Atzo, ordea, belatzek aspaldiko partez ikusi zuten beren eskaeren aldeko keinu bat: urteko azken hiruhilekoan, EBZk aurreko bietan baino zor gutxiago erosiko du.

Azken hilabeteetan gutxi gorabehera 90.000 milioi euroren erosketak egin ditu hilero EBZk. Horrekin lortu du merkatuak baretzea, interesak oso maila apalean geratzea eta euroguneko estatukideak —eta neurri batean enrpesak eta herritarrak— oso merke finantzatu ahal izatea pandemiari lotutako gastuak. Kopururik eman ez duten arren, 70.000 eta 60.000 milioi euroren aktiboez jabetuko da orain banku zentrala.

Gainera, EBZk ohartarazi du ez duela zertan PEPP pandemiari lotutako zor erosketa programaren 1,85 bilioi euroak guztiz gastatu. Plan hori martxoan da amaitzekoa, eta, hurrengo hilabeteetan pandemiak edo egoera ekonomikoak okerrera egiten ez badute, ez da luzatuko.
Azken urteetan, Mario Draghirekin lehenik eta Christine Lagarderekin ondoren, usoek garaipenak kateatu dituzte, eta horregatik irten da EBZ inflazioaren kontrol hutsak markatutako bidezidor ortodoxo estutik. Usoen eskutik, banku zentralak zerora jaitsi ditu interes tasak, eta zor publikoa eta pribatua erosi du euroguneko ekonomia Atzeraldi Handitik eta koronabirusaren krisitik ateratzeko.

Baina aldeko haizea sumatzen hasi dira belatzen habietan, hau da, Alemaniako Bundesbanken, eta Herbehereetako eta Austriako banku zentraletan. Izan ere, haien mamu nagusia, inflazioa, itzultzen ari da, eta suspertze ekonomikoaren eskutik, ezohiko neurriak indargabetzen hasteko ordua iristen ari da.

Inflazioa, %3an

Inflazioa %3ra iritsi da abuztuan eurogunean, tasarik handiena 2012az geroztik, eta EBZren beraren %2ko helburuaren oso gainetik. Hainbat faktorek azaltzen dute igoera hori: gasaren eta argindarraren garestitzea, konfinamenduen amaierak hornidura kateetan sortu duen estresa, lehengai batzuren eskasia, itxialdietan pilatutako aurrezkia gastatzeko irrikak eragindako kontsumo handia...
Belatzek diote faktore horiek luzatu egingo direla, dagoeneko soldata igoera handiak eragiten ari direla, eta horrek gehiago elikatuko duela inflazioa. Horregatik, lehenbailehen jokatu nahi dute, interes tasak igotzen hasi, gero bat-batean sekulako biratzea ez egin behar izateko.

Usoek, Lagarde buru dutela, berriz, zabaldu dute faktore horietako batzuk hurrengo hilabeteetan agortuko direla eta ez dagoela, hortaz, inflazioa seko geratzeko neurririk hartu behar —interes tasen igoera handi bat, esaterako—, horrek ekonomien suspertzea trabatuko lukeelako.

Dialektika horretan, oraingoz usoen tesiak nagustitzen ari dira. Atzoko bileraren osteko agirian, ez zen bide horretatik urrundu, eta epe erdian inflazioa %2an geratuko dela iragarri zuen, «nahiz eta trantsizio garai batean baliteke helburutik nahiko gora dagoen inflazio bat egon daitekeen».

APP programaren geroa

Inflazioari buruzko kezkak markatuko du EBZk hartu beharreko beste erabakia: zer egingo du zorra erosteko programarekin datorren urtean PEPP agortzen denean? Aurreko krisitik datorren programa hori, APP izenekoa, bolumen txikian erabiltzen ari da orain EBZ, hilero 20.000 milioi euroren zorra erosten duela. Bertan behera uzteko eta ohiko tresnetara itzultzeko presio egiten ari dira belatzak, baina usoek uste dute kentzeak arrisku asko dakartzala, neurri batean merkatuak diru horren jonkiak bihurtu direlako.

Analista batzuek uste dute PEPP agortzen denean 40.000 milioira handituko duela, baina atzoko bilaeran, EBZk ez zuen aldaketarik egin edo iradoki. Jarraitu egingo du zorra erosten «beharrezkoa den tartean», eta ez du bukatzeko asmorik interes tasak igotzeko keinua egin arte. Halakorik ez du espero epe nahiko luze batean.

Programa horri buruz ere bada argitu beharreko beste puntu bat: malgutasuna. Alemanian ez zezaten esan haren bidez EBZk estatuak finantzatzen dituenik —debekatua dauka—, banku zentralak muga bat jarri zion bere buruari: estatukide baten zorraren heren baino gehiago ezin du erosi. Arazoa da kopuru horretara iristen ari da Alemaniaren beraren, Herbehereen eta beste herrialde batzuen kasuan.
Eztabaida interesgarria da orain, euroguneko gobernu guztiek zorraren makinari eman diotelako, osasun krisiak eta haren ondorio ekonomikoak eragindako kalteak ordaintzeko. Bake garaian inoiz ikusi gabeko zorra dute estatuek, eta horregatik une okerrena da orain inbertsoreak urduri jarri eta haien diruaren truke interes handiagoak eskatzen hasteko; batez ere kontuan hartuta EBZk zor gutxiago erosiko duela. Banku zentralaren esku hartzea da, hain zuzen ere, zorraren interesen maila oso apala edo negatiboa izatearen arrazoi nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.