Zor publikoa, aurrezle zuhurren beste aukera

2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurrezkiaren sari apalarena euroguneko herrialde gehienetan gertatu da, eta herritarren dirua beste finantza produktu batzuetara joatea eragin du. Inbertsio funtsetara joan da zati bat, baina inbertitzaile kontserbadoreagoek aurkitu dute beste aukera bat: zor publikoa. Esanguratsua izan da Belgikan gertatutakoa. Abuztuko azken astean, zor eskaintza masiboa egin zuen Bruselako gobernuak: 21.900 milioi euro bildu zituen, kopuru ezohikoa. Eta ezohikoa izan zen erantzuna: 643.000 herritarrek erosi zituzten estatuaren bonuak. Hau da, Belgikako ehun herritarretik bostek. %3,3ko interesarekin jasoko dute jarritakoa, urtebete barru. Biak irabazle: estatuak bere burua merkeago finantzatu ahal izango du, eta herritarrek gordailu batekin gaur egun lortuko luketen baino errentagarritasun handiagoa aterako diote beren diruari.

Belgikakoa ez da salbuespena. Espainiako Bankuak Bilbon duen bulegoaren aurrean zor publikoa erosi nahi zuten herritarren ilarak ikusi ziren joan den otsailean. Ilararik ez da izan aste honetan, baina eskaera handia izan du Espainiako Altxorrak jaulki duen zorrak: 5.000 milioi euro eskuratu ditu, eta %3,6ko interesa ordainduko die erosleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.