Zorpetzea langileen lepotik ez ordaintzeko exijitu die ELAk erakunde publikoei

Lan Ikuskaritza aurka egon arren, Jaurlaritzak erregulazio eskaerak baimentzen dituela kritikatu du Muñozek

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren atera eraman zuen atzo ELAk Gasteizko eta Iruñeko gobernuen aurkako protesta. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragan astean abiatu zuen gizarte elkarrizketa foroan ez parte-hartzea erabaki du ELAk, eta, horren ordez, EAEko agintari berriei «mobilizazioaren eta protestaren argazkia» emango dietela iragarri zuen sindikatu idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek.

Muñozek gogor kritikatu zuen erakunde publikoen zerga politika. Jaurlaritzak dagoeneko iragarri du hurrengo urteko aurrekontua %6 murriztuko duela. Erabaki «burugabea» iruditzen zaio ELAri, krisi garaietan politika sozialak bultzatzeko diru gutxiago egongo delako. Aldiz, azken urteetan errenta handienen zerga tasa %56tik %45era jaitsi dutela, edo Ondare Zerga desagerrarazi dela gogoratu zuen Muñozek.

Horren haritik, iragarri diren zorpetze neurrien helburua zalantzan jarri zuen. «Zerga sistema aldatzen ez bada, zor hori langileok ordainduko dugu». Zorra jaulkitzeko asmoaren atzetik, berriz, «espekulatzaileen eskuetara» dirua bideratzeko xedea dagoela ziurtatu zuen ELAko buruzagiak. Lopezen taldea ez ezik, aurreko gobernua ere kritikatu zuen. «Denak ados daude kapitalari lehentasunezko tratu fiskala ematerakoan».

Erregulazioei erantzuna

Erregulazio eskaeren egoera ere mintzagai izan zuen ELAko idazkari nagusiak. Gemma Zabaleta Lan sailburu berriari «edukirik ez duten esaldiak» etengabe botatzea egotzi zion, aldi berean patronalaren eskaerari men egiten dien bitartean. ELAren arabera, Lan Ikuskaritzak aurkako txostenak egin dituen kasuetan ere erregulazioak baimendu dira, langileekin akordiorik egon gabe.

Gutxiengoa duten sindikatuekin erregulazioen baldintzak ezartzea pauso arriskutsua da, Muñozen ustez, enpresentzat deserosoak diren langileak kaleratzeko bidea delako. «Dosierrak gutxiengo sindikalarekin adosten badira, erantzungo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.