Bere egutegiari eusten dio Europako Banku Zentralak. Azken urteetan 2,6 bilioi euro jaulki ondoren, urtarrilaren 1ean utziko dio zorra erosteko programari. Diru horrek bultzada eman dio euroguneko ekonomiari, eta herrialde batzuek beren burua finantzatzeko zituzten zailtasunak desagerrarazi ditu. Baina programa horrek bere eginbeharra bete duela uste du EBZk, ekonomia nahiko sendoa dela hura gabe hazten jarraitzeko; gainera, likideziaz gainezka egonik, iritzi dio zor subiranoen merkatuek ez diotela inori ustekabe txarrik emango.
Baina banku zentralak badaki euroguneko ekonomiak bere dopinaren menpeko bihurtu dela, eta orain jarritako dirua kenduko balu, kolpe gogorra eragin diezaiokeela. Horregatik, iragarri du berriro inbertituko duela bere esku dagoen zor publikoa eta pribatua. Hau da, bono horiek iraungi eta jarritako dirua berreskuratzen duenean, sos horiek berriro ekonomian sartuko dituela, eta, hortaz, 2,6 bilioi euro horiek zirkulatzen jarraituko dutela.
Noiz arte?
Data zehatzik ez du jarri nahi izan Mario Draghi EBZko presidenteak, baina gutxienez urtebetez politika horri eutsiko diola argi dago. Batetik, EBZk ziurtatu du interes tasak igotzen hasten denean ere «denbora batez» utziko duela diru hori zirkulazioan, «diru politika hedakorrari eusteko beharrezkoa den denbora guztia». Bestetik, dagoeneko iragarri du 2019an bere kutxetara itzuliko diren 190.000 milioi euro berriro inbertitzeko egutegia zein den.
Epea, berez, ekonomiaren bilakaerari lotua dago. Draghik onartu du azken hiruhilekoan euroguneko ekonomiak «uste baino gehiago» moteldu dela. Kanpo eskari ahulago bati, AEBen neurri protekzionistei eta herrialde batzuetako arazo partikularrei egotzi die ardura. Ez du espero, ordea, erritmoa gehiago jaistea, eta are gutxiago, atzera egitea; oro har, eurogunean soldatak handitzen ari direnez eta langabezia txikitzen, barne kontsumoak hazkundeari eutsiko diola uste du. Hori bai, hazkunde aurrikuspenak txikitu ditu: %1,9 aurten (%2 zioen irailean), eta %1,7 2019an (%1,8).
Hazkundearen motelaldi hori interes tasen igoera atzeratzeko akuilu bat da banku zentralarentzat. 2019ko uda bukatu aurretik ez da mugimendurik espero arlo horretan, baina ikusi beharko da zer indar duten Alemaniako belatzek normaltasunerako bidea bizkortzeko.