Zorrak bahituta

Ivan Santamaria.
2010eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Atzeraldi hitza bazterrean utzi dute Europako herrialde gehienek. Espainia zen, ekonomia handien artetik, falta zen bakarra, eta urteko lehen hiruhilekoan lortu du, %0,1 soilik hazita ere. Beste une batzuetan albistea lasaigarri ona litzateke merkatuentzat. Zoritxarrez, joanak dira garai horiek.

Orain arreta guztia defizitari eta zor publikoaren egoerari dagokie, zer esanik ez Greziako gertakarien eta Espainiako Gobernuak iragarri berri duen Zapaterokadaren ondotik.

Jarduera sustatzea eta defizita murriztea elkarrekin nola nahasten diren ikusi beharko da orain. Gobernu gehienek, tartean Espainiakoak, pizgarri fiskalekeusteko beste urte bat izango zutela espero zuten. Ez da hala izango. Merkatuek azkar ahaztu dute finantza krisia eta depresio ekonomikoa gainditzeko munizioa estatuen patrikatik atera zela. Orain, dirua egiteko modurik errazena zor publikoaren interesak igotzeko estrategia da.

Beste errealitate bat ere azaleratzen ari da, oinarri sendorik gabeko hazkundearen itzalean. Herrialde guztiek ez dute modu berean eta erritmo berean krisia gaindituko. Are gehiago, susperraldirik ahulenak dituztenei hasi zaizkie honezkero merkatuetan kontuak eskatzen. Ekonomiari laguntzeko asmoz eskura jarri ziren bitartekoak nahi baino azkarrago erretiratzearen ondorioak pairatuko dituztenak dira horiek.

Defizitaren aurkako neurriek hazkundea are gehiago trabatzeko arriskua hor dago. Eta, zaila zirudien arren, berriro ere atzeraldian erortzea ezin liteke erabat baztertu. Egoerarik txarrena litzateke hori: ekonomiaren uzkurtzea, langabezia gora, eta egoerari buelta emateko diru publikoa zorraren menpe bahituta, Alemaniatik erreskatea etortzeko itxaropen handirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.