Zorraren gaineko interesek erreskatearen mamua berpiztu dute Portugalen

Hamar urterako bonuen interesak %7,6ko mailara iritsi ziren atzo, inoizko mailarik altuenera

Miren Garate.
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Nazioarteko merkatuak Portugali eskatzen dizkion interesak eutsi ezinezko mailan dira. Hamar urterako bonuak %7,6ra iritsi ziren atzo, inoizko mailarik altuenera. Azken asteotan zertxobait apaldu ostean, erreskatearen mamua berriro ere piztu da.

Irlandaren eta Greziaren kasuak dituzte buruan inbertsiogileek. Haien zorra %7ra iritsi eta berehala eskatu baitzuten erreskatea. Fernando Teixera dos Santos Finantza ministroak berak era hala aitortu zuen urrian. «Herrialdearen zorraren interesak %7ra iristen badira, erreskatea eskatu behar izateko arriskuan sartuko gara».

08:30etik 09:30era bitartean, %7,41etik %7,63ra igo ziren interesak. Europako Banku Zentralak esku hartu behar izan zuen azkenean. Bonuak erostea erabaki zuen, hiru astean lehen aldiz. Kopuru txikian eskuratu bazituen ere, lortu zuen giroa zertxobait baretzea eta interesak berriro ere %7ra gerturatzea.

Adituen arabera, Europako herrialdeek erreskateari buruz dituzten iritzi ezberdinek eragin dute Portugali buruzko mesfidantza. Erreskateetarako Europako funtsa handitzea eta malgutzea eskatzen dute hainbat herrialdek. Alemania ez dago guztiz alde, eta onartzeko baldintza gisa herrialdeen enplegu politiken arteko koordinazio handiagoa eskatzen du, besteak beste, sozietate zerga bera edo erretiro adin berbera izatea. Aurreko asteko bileran ez zuten ezer adosterik lortu, eta inbertsiogileek nahiago dute balio seguruagoetara jo.

Gobernuak berriro ere uko

Portugalgo Gobernuak erreskatearen beharrik ez duela esaten jarraitzen du. Defizit publikoa %7,3tik %4,6ra jaistea lortukoduela dio. Atzo bertan jakinarazi zuen urtarrileko zergetan iaz baino %15,7 gehiago bildu zuela. Urte hasieran hainbat neurri jarri zituen indarrean herrialdeak: zergak igo zituen, funtzionarioen soldatak murriztu eta inbertsio publikoak jaitsi. Zorraren gaineko presioen ondorioz, Lisboako burtsak %1,26 galdu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.