ZORRAREN KRISIA. ESPAINIAREN NEURRIAK

Zorraren interesak apaldu egin dira, Tricheten iradokizunek bultzatuta

Europako Banku Zentralak bonu publiko gehiago erosiko dituela iragartzea espero dute finantza merkatuek

Iker Aranburu.
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ohi baino ikusmin handiagoa erakarriko du gaur Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearen agerraldiak. Ustekaberik ezean, Trichetek iragarriko du euroguneko estatuetako zor publiko gehiago erosiko duela. Itxaropen horrek bultzatuta, Europako burtsak azken egunean galdutakoaren zati handi bat berreskuratu zuten atzo, eta euroguneko herrialdeen zor publikoa nabarmen merkatu zen.

Astearte iluntzean, Trichetek ziurtatu zuen merkatuek gutxietsi egiten dutela Europako Batasuneko erakundeek zorraren krisia amaitzeko duten borondatea eta ahala. Merkatuek uste dute horren bidez esan nahi zuela EBZk zor subiranoaren erosketak handitzeko asmoa duela, hartara haren interesak jaisteko. Maiatzaren 10ean hasi zen banku zentrala zor subiranoa erosten, baina gorabehera handiekin egin du. Merkatuak lasaitu direnean gutxi erosi du, eta gehiago urduritasuna zegoenean.

Portugalek ez du ezer eskatu

Tricheten komentarioei berehala erantzun diete merkatuek. Portugalen hamar urteko zorraren interesak 30 puntu jaitsi ziren, %6,39raino. Asteartean ere merkatu zen herrialde horretako zorra, jakin baitzen EBZ bera aritu zela merkatuetan erosten. Lasaitua ederki baliatu zuen Portugalgo Altxorrak 500 milioi euroko zorra saltzeko. Inbertitzaileek arriskua hartzeko prest dauden seinale, eskaini baino 2,5 aldiz gehiago eskatu zuten. Hori bai, %5,28ko interesa pagatu beharko du Lisboak, azaroaren erdialdean baino 47 puntu gehiago. Bi berri horiekin, Portugalek salbamendurik eskatu ez duela ziurtatu zuen Jose Socrates herrialde hartako lehen ministroak.

Lasaitua hartu dute beste herrialde batzuek ere. Italiarena 15 puntu jaitsi zen, %4,49raino, etaEspainiarena 17 puntu, %5,25raino. Alemaniaren zorra, berriz, hamabi puntu igo zen, %2,78raino.

Zor horiei guztiei Europako Egonkortasun Mekanismoarena batuko zaie aurki. Klaus Regling erakunde horretako buruak atzo aurreratu zuenez, urtarrilean 8.000 milioi euroko zorra jaulkiko dute. Diru hori eta beste hainbat Irlandari mailegatuko diote gero, bere finantzaketa arazoak konpontzeko. Reglingek Singapurren azaldu duenez, zorraren zatirik handiena Europako inbertitzaileei salduko diete, baina azken egunotan bisitatu dituen hirietan bonu horien inguruan interes handia erakutsi dute Ekialde Erdiko eta Asia ekialdeko funts subiranoek edo pribatuek.

Burtsek, beren aldetik, azken asteotan galdutakoaren zati bat berreskuratu zuten atzo. Madrilgo Ibexek, esaterako, %4,44 egin zuen gora, azaroan %14 galdu ondoren. Bilbokoa %4,21 igo zen, %2,66 Frankfurteko DAX indizea, %2,07 Londresko FTSE eta %1,63 Parisko CAC.



Erreakzioak

«Erreformekin jarraitzeko asmo sendoa erakusten dute neurriek»

Amadeu Altafaj
Europako Ekonomia Gaietako komisarioa
«Ongi iruditu zaizkigu neurri berri zehatz horiek. Bi kontzeptuak nabarmenduko nituzke: berriak eta zehatzak baitira Espainiako Gobernuaren iragarritako neurriak, eta erreformekin jarraitzeko asmo sendoa erakusten dute. Publikoki konpromisoa hartu du pentsioen sistema eta halako gai konplikatuetan aldaketa gehiago egiteko».

«Neurri bat bestearen atzetik hartzen dute, ildo zehatz bati jarraitu gabe»

Alvaro Miranda
Nafarroako Ekonomia kontseilaria
«Etengabeko izu-ikara da hau, bai kanpotik datorkigunagatik eta bai Espainiako Gobernuaren bidez barnean sortzen dugunagatik. Neurri bat bestearen atzetik hartzen dute, elkarrekin lotu gabe, informaziorik eman gabe eta arazoak saihesteko ildo zehatz bati jarraitu gabe. Sorpresaz hartzen ditugu loturarik gabeko neurri horiek».

«Iraingarria da zergaketa gizarte babesa murrizten segitzea»

ELA


«Gaur egungoa bezalako krisi batean, iraingarria daEspainiako Gobernuak, zeinak bere burua sozialistatzat daukan, zergak eta gizarte babesa murrizten segitzea. Luzaroan langabezian daudenei laguntzak kenduta, berriro ere talderik ahulenei ordainaraziko zaie haiek sortu ez duten krisia. Presio fiskala eta gizarte babesahanditzea da egin behar litzatekeena».

«Zatikatuak eta loturarik gabeak dira neurriak, eta elkarren kontrakoak»

Cristobal Montoro
PPko ekonomia bozeramailea
«Zatikatuak eta loturarik gabekoak dira neurriak, eta elkarren kontrakoak. Krisitik ateratzeko bidea enpresei zergak murriztea bada, zergatik ez da lehenago egin? Defizita kontrolatzeko aurrekontuen egonkortasunerako legerik ere ez da onartu. Sozialistak gobernura iritsi aurretik bazegoen, serioa eta osoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.