ZORRAREN KRISIA. DOMINO EFEKTUA. Grezia Europaren arazoa da

Greziaren balizko porrot baten zeharkalteak Europako beste herrialdeetara eta finantza erakundeetara zabalduko lirateke

joxerra senar
Iruñea
2010eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Hemezortzi hilabete eta gero, déjà vu sentzazioa berriro. Lehman Brothersen porrot aurreko giroa nabari da. Oraingoan, baina, etor daitekeen lurrikararen epizentroa ez dago Wall Streeten, Europaren bihotzean baizik. Grezia oso ataka zailean badago ere, jada ez da herrialde soil baten arazoa. Jada Europako Batasunaren arazoa da, euroaren proiektua baitago jokoan. Maiz erabakiak berandu eta motel hartzea aurpegiratu zaio EBri, baina oraingoan, funtsezkoa du erabakiak lehenbailehen hartzea. Greziaren balizko kiebra batek Europa osoan heda ditzakeen zeharkalteak neurtzea uneotan zaila bada ere, hobe ez jakitea.

1. Zer gertatzen zaio Greziari?

Finantza publikoak erabat desorekatuta ditu, eta gertu dago zorraren ordainketa etetetik. Asteartean, Standard & Poor's rating agentziak zabor bono kalifikazioa eman dio Greziaren zorrari. Zorra itzultzeko ahalmena neurtzen dute agentzia horiek, eta horretarako nota bat jartzen diote. S&Pren arabera, kiebra jo aurreko maila batean dago Grezia.

Zorraren tamaina barne produktu gordinaren %115ekoa da; defizit publikoa, berriz, %13tik gorakoa. Horrenbestez, Greziak ez du nahikoa baliabiderik sortzen egungo gastu publikoari eusteko, eta nahitaez merkatuetara jo behar du finantzabide eske. Era berean, ez du nahikoa aurrezten zor hori itzultzeko.

2. Nola iritsi da egoera horretara?

Greziak erantzukizun handia du. Batetik, Europa osoko itzalezko ekonomiarik handiena du -BPGren %25 ingurukoa-. Bestetik, Greziak gezurra esan die EBko beste estatukideei. Iaz garai honetan Greziak %4tik gertu zen defizit publikoa aitortu zuen. Iraileanalderdi sozialistak hauteskundeak irabazi zizkion ordura arte agintean zen eskuineko ND alderdiari, eta, boterera iritsi ahala, Giorgios Papandreuk iragarri zuen benetako defizita %12koa zela. Gerora jakin da Wall Streeteko banku handiek -hala nola Goldman Sachsek- benetako finantza egoera ezkutatzen lagundu ziola Greziari, jakina makina bat milioi euroren truke.

3. Finantza merkatuek zer eragin izan dute krisian?

Urritik inbertsiogileen arreta Greziarantz bideratu da. Sei hilabetez ez Grezia ez Europako Batasuna ez dira gai izan okertzen joan den finantza egoera gerarazteko, eta Greziak zorra ordaintzeko gai izango ote den kezkatuta, bonoen interes tasa handituz joan da: hamar urteko bono greziar baten kostua %4,5etik %10era igo da urritik hona; bi urteko bono batena, berriz, %2tik %20ra heldu da. Merkatuek amildegiaren ertzean jarri dute.

4. Espekulatzaileek eskua sartu ahal dute?

Bai. Greziak zorra ordainduko ote duten izuak ez du azaltzen erabat merkatuen portaera. Greziaren odol isuria usaindu dute nazioarteko inbertsio funts batzuek eta apustu egin dute herrialdeak kiebra joko duela. Greziaren bonoen hutsegiteen gaineko finantza deribatuen eskaria eta kostua nabarmen handitu da azken astetan: hamar milioi euroko bonoek huts eginez gero, aseguru horien kostua 200.000 eurokoa zen, eta asteon 900.000 eurora iritsi da. Diruhori kobratzeko, Grezia kiebra jotzeko irrikan daude asko. Greziaren aurka ez ezik, Portugalen, Espainiaren eta Irlandaren aurka jotzen ari dira orain. Hots, azken finean, euroa bera dute jomugan.

5. Zergatik behar du nazioarteko laguntza?

Kale itsu batean dagoelako. Gero eta zor handiagoa izaki eta zor horren kostua gero eta handiagoa izaki, kiebra saihesteko nazioarteko laguntza plana behar du. Horregatik, Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Batzordea eta Greziako Gobernua laguntza plana negoziatzen ari dira Atenasen. Hasierako asmoa da EBko estatuek 30.000 milioi euro mailegatzea eta NDFk beste 15.000 milioi,finantza merkatuek egun eskaintzen dioten interes tasa txikiagoan, jakina. Denbora agortzen ari da, ordea. Maiatzaren 19rako hamar urteko bono batzuen epemuga amaituko da, eta ordurako plana hitzartuta behar du.

6. Nahikoa izango al dira 45.000 milioi euro?

Badirudi ezetz. Datozen hiru urteetan, hartzekodunei 150.000 milioi euro itzuli beharko dizkie Greziak. Atzo bertan, NDFren eta Europako Banku Zentralaren ordezkaritza batekin bilera egin ostean, Alemaniako hainbat diputatuk ohartarazi zuten 45.000 milioi euro horiek lehen urterako beharko dituela Greziak eta 2012ra arte, 120.000 milioi euro beharko dituela orotara.

7. Zer beste eragozpen daude plana hitzartzeko?

Egoera konplikatua bezain arriskutsua da. Alemania da diru gehien jarri beharko duen EBko herrialdea: 45.000 milioi euroetatik 9.000 milioi euro. Benetan hiru urterako plana 120.000 milioi eurokoa bada, 16.000 milioi eurotik gora mailegatu beharko ditu.

Greziak gezurra esan ostean, Alemaniak arrazoi du haserre egoteko. Maiatzaren 9an, Ipar-Renania Wesfalia estatu federaturik handienean hauteskundeak dituzte, eta ordurako Alemaniak Greziari zenbat diru eman beharko dion jakiten bada, hautesleek CDU/CSU koalizioa zigortuko duten beldur da Angela Merkel. Adierazgarria da bozen biharamunean larrialdizkogoi bilera deitua dutela Euroguneko gobernuek. Haatik, hauteskunde batzuk baino gehiago dago jokoan.

8. Greziak euroa utz dezake?

Bai, baina bere borondatez, eta inoiz ez beste inork behartua.Alemanian, CSU alderdiak eta beste askok Greziari Eurogunea uzteko exijitu diote, baina Lisboako Itunaren arabera, Greziari dagokio erabaki hori hartzea. EBZren arabera, euroa uzteak, legez, derrigorrez EB uztea dakar berekin. Greziari ez zaio komeni.

9. Greziak kiebra jo dezake?

Bai. Plan hori ez bada hitzartzen azkar, zorraren ordainketa eten beharrean egon beharko da, eta zorraren ordainketa negoziatu eta egituratu beharko du hartzekodunekin. Analisten arabera, greziar bonoak dituzten hartzekodunek %20 eta %50 artean gal dezakete. Horien artean Europako finantza erakundeak daude.

10. Zer ondorio izango lituzke kiebra batek?

Kalkulaezinak. Krisi ekonomiak okerrera egingo luke. Greziak kiebra jo ostean, hark jasan duen espekulazio erasoaren prozesu bera jasan dezakete herrialderik ahulenek: Portugaletik hasita, Espainiak eta Irlandak, besteak beste. Objektiboki, finantza egoera hobean badira ere, Greziak jasandako erasoa epe erdira jasaterik ez dute. Metastasia zor subiranora ez ezik, finantza sistemara itzuliko da, eta oraingoan banku europarrak egon daitezke ekaitzaren begian. Zer esanik ez, atzerriko diru erreserba izateko asmoetan, euroak sinesgarritasuna galduko du, eta hobe ez jakin interes tasetan -hots, Euriborrean- zer ondorio izan dezakeen. 120.000 milioi euro diru asko bada ere, Lehman Brothersek erakutsi zuen geroko erreskateen faktura are handiagoa dela.

11. Plana da konponbidea?

Epe erdira bai. Europako agintariek denbora irabaziko dute. Greziaren erreskateak aurrekari arriskutsua utz dezake, ataka zailean egon litezkeen beste estatukideengatik. Hori saiheste aldera, EBk erreformak egitera beharko dituela finantza publikoak okertzen ari zaizkien edo lehiakortasun arazoak dituzten estatuei -Espainiari eta Portugali-. Behingoz, espekulazio hutsaren aurkako neurriak ere aztertu beharko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.