ZORRAREN KRISIA. ESPAINIAREN ERANTZUNA. Zapaterok murriztu, herritarrek ordaindu

Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldatak %5 murriztu ez ezik, pentsioak izoztu eta inbertsioak gutxituko ditu

jakes goikoetxea
2010eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak neurri gordinak iragarri zituen atzo defizit publikoa murrizteko. Europako Batasunak behartuta, aurten eta datorren urtean defizit publikoa 15.000 milioi euro gehiagotan murriztuko zuela agindu zuen asteburuan Bruselan. Neurriak atzo zehaztu zituen Kongresuan, eta Zapaterok berak onartu behar izan zuen herritarrek ordainduko dutela: funtzionarioen soldata %5 murriztea, pentsioak izoztea, inbertsioak 6.000 milioi euroan gutxitzea... Ez Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ez diputazioek, ez zuten argitu funtzionarioen soldatak murriztuko dituzten.

1. Funtzionarioen soldatak %5 jaistea

Gobernuek gastuak murriztu behar dituztenean funtzionarioak izan ohi dira murrizketak jasaten dituzten lehenak. Espainiako Gobernuak ere hala egin du. Uztailetik aurrera funtzionarioei batez beste %5 murriztuko dizkie soldatak, eta datorren urtean izoztu. Hau da, aurtengo %5eko jaitsiera indarrean izango da 2011n ere eta ez die kontsumorako prezioen indizearen (KPI) araberako igoerarik aplikatuko. Jaitsiera soldaten proportzionala izango dela esan zuen Zapaterok, alegia, gehien kobratzen dutenen murrizketa handiagoa izango dela gutxien kobratzen dutenena baino.

Espainiako Gobernuko ministroen eta goi karguen soldatak %15 murriztuko dituzte. Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariari «gutxi» dela iruditzen zaio. Nafarroako Gobernuak soldatak izoztu baino ez ditu egin iaz eta aurten.

Espainiako Gobernuaren asmoa funtzionario guztien soldatak jaistea da: Estatukoak, autonomia erkidegoetakoak, diputazioetakoak eta udaletakoak.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek ez dute zehaztu funtzionarioen soldatak jaisteko asmoa duten edo ez.

Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak uste du soldaten jaitsiera Nafarroaren ere aplikatu beharko dela. Neurri horrekin aurreztuko duten diru kopurua ere zehaztu zuen, 83 milioi euro.

Eusko Jaurlaritza ez zen ausartu hainbeste esatera. Carlos Agirre Ekonomia sailburuak esan zuen «goizegi» zela Eusko Jaurlaritzaren jarrera zehazteko: neurri batzuk Estatuko Administrazioari dagozkiolako, beste batzuk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina dutelako, eta ez dakitelako murrizketak zehazteko orduan aintzat hartuko diren orain artean Jaurlaritzak hartutako neurriak.

Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuak «lasai» egoteko esan zien funtzionarioei, baina ez zuen esan soldatak jaitsiko ez dizkietenik.

Eneko Goia Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak onartu zuen ez dakitela Espainiako Gobernuak nola murriztu nahi dien soldata funtzionarioei, eta ezta murrizketak beraiei ere eragingo dien ere.

Administrazioek arazo bat dute. Soldatak jada hitzartu dituzte funtzionarioekin. Espainiako Gobernuak %0,3ko igoera aurten eta soldatak izoztea datorren urtean (2012an ordainduko luke 2011ko inflazioa). Carlos Ocaña Ogasun estatu idazkariak otsailean aipatu zuen hitzarmena berrikustea aztertzen ari zirela, baina Elena Salgado Ekonomia ministroak hurrengo egunean esan zuen hitzarmena beteko zutela. Atzoko iragarpenen arabera, ez.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurten berritu dituzte funtzionarioen itun kolektiboak. Eusko Jaurlaritzak soldatak %0,3 igo dizkie aurten eta 2010eko KPIaren pare igoko dizkie 2011n. ELAk ere hitzarmena sinatu zuen, bederatzi urtean sinatu gabe egon ostean.

Nafarroan %0,3ko igoera hitzartu zuten 2010erako eta KPIaren parekoa 2011n eta 2012an.

2. Pentsioak izoztea

Espainiako Gobernuak pentsioak izoztuko ditu 2011n, ez die aplikatuko KPIaren pareko igoerarik. Horrela, erretiratuek eros ahalmena galduko dute. Europako Batasunaren datuen arabera, prezioak %2 garestituko baitira 2011n. Espainiako Gobernuak ez ditu izoztuko gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabekoak.Neurri horrekin 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hego Euskal Herrian 610.000 herritar inguruk kobratzen dute pentsioren bat.

3. Haur jaioberrien laguntzarik ez

2011tik aurrera bertan behera geratuko da Espainiako Gobernuak haur jaioberriengatik edo adoptatutakoengatik gurasoei ematen dien 2.500 euroko laguntza. 2007ko azaroan jarri zuen indarrean eta ordutik 2.700 milioi euro eman ditu laguntzetan.

4. Mendekotasun laguntzak, onartutakoan

Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak ez dute atzeraeraginkortasunik izango. Gaur egun, Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzaren bat onartuz gero, eskaera egin eta onartu bitarteko denborari dagokion laguntza ere jasotzen da lehen ordainketarekin batera. Defizita murrizteko neurriak indarrean jartzen direnean ez. Eskaeraren eta erabakiaren arteko epeari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea dutenek gehienez bost urtean kobratuko dute atzeratutako laguntza.

Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du aurrerantzean eskaera egiten dutenek gehienez sei hilabetean jasoko dutela erantzuna.

5. Atzerapenak eta guraizea inbertsioetan

Krisi garaian administrazioak izan ohi dira ekonomia jardueraren bultzatzaile nagusietakoak, inbertsio publikoaren bitartez. Espainiako Gobernuak, baina, inbertsioak murriztea erabaki du: 6.045 milioi euro aurten eta datorren urtean. Aintzat hartu behar da aurten jada 5.000 milioi euroko murrizketa egin duela. Guztira 11.000 milioi euro dira, beraz.

Jose Blanco Sustapen ministroak onartu du horrek atzerapenak eragingo dituela obretan, sei hilabetekoak batez beste eta urtebete gehienez. Hori bai, aurreratuta dauden obretan ez dela atzerapenik izango.

Zer-nolako eragina izango du Hego Euskal Herrian? Espainiako Gobernuak ez du zehaztu. Abiadura handiko trena (AHT) izan daiteke murrizketek kaltetutako azpiegituretako bat.

Espainiako Gobernuaren esku daude Bilbo eta Gasteiz arteko zatia eta Castejon (Nafarroa) eta Zaragoza (Espainia) artekoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beraiei dagozkien zatien obretako dirua aurreratuko dute, baina gero Espainiako Gobernuak itzuli egingo die.

Alvaro Mirandak atzo nabarmendu zuen kontratua sinatuta dutela Espainiako Gobernuarekin, eta Nafarroak sinatutakoa beteko duela.

6. Erretiroa, gordinago

Espainiako Gobernuak duela bi urte gogortu egin zituen erretiratzera zihoazenek lanaldia murrizteko bete behar zituzten baldintzak. Prozesua piskana-piskana egin nahi zuen, baina orain prozesu hori bertan behera utzi du eta baldintzak zuzenean aplikatuko ditu, progresibotasunik gabe: 61 urte izatea, enpresan sei urtean lan egitea, lanaldia gehienez %75 murriztea eta 30 urtean kotizatzea.

7. Murrizketa gehiago erkidegoek eta udalek

Autonomia erkidegoek eta udalek gerrikoa gehiago estutzea nahi du Espainiako Gobernuak. Aurten 10.000 milioi euro aurrezteko eskatu zien, eta 1.200 milioi euro gehiago atzo.

8. Tratamenduei egokitutako botikak

Kaxetako pilulen eta dosien kopurua tratamenduen ohiko iraupenera egokituko da, gaixoei botikak soberan ez geratzeko eta dirua aurrezteko. Espainiako Gobernuak dosi bakarreko botikak ere nahi ditu, kopuru zehatzak erosteko.

9. Laguntza gutxiago garapenerako

Beste herrialdeen garapenerako laguntzak 600 milioi euro murriztuko dituzte aurten eta datorren urtean (%1 murriztu zituzten iaz).

10. Zergak igotzea aztertzeko prest

Defizita murrizteko aukeretako bat gastuak murriztea da; bestea, diru sarrerak handitzea. Zapaterok atzo ez zuen diru sarrerak handitzeko neurririk aipatu. ICVk zerga politika justuagoa eta progresiboagoa eskatu zion. Zapaterok iradoki zuen prest egon daitekeela aberatsenei zergak igotzea aztertzeko, «gehien dutenek ahalegin handiagoa egin behar baitute».



Bizkaiko Administrazioan lanuztera deitu du ELAK

Bizkaiko Administrazioan zerbitzu publikoen kalitatea okertzen ari dela uste du ELAk. Langileen %30i aldi baterako kontratuak katean, alegia, bata bestearen atzetik, egiten dizkietela jakinarazi du sindikatuak, eta hori legeari «iruzur» egitea dela. Soldata txikiagoak ordaintzearren, gainera, azkenaldiak azpikontratatzeak modu esanguratsuan ugaritu direla adierazi du. Hori horrela, «Administrazio publikoaren barruan administrazio paralelo bat» sortzen ari dela esan du Juan Carlos Polo sindikatuko ordezkariak. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak sindikatuekin hitzartutako lan ituna errespetatzen ez duela iritzi dio. Eta Diputazioko langileak bi orduz lanuztera deitu ditu hilaren 27rako.



CCOO eta UGTrekin bilduko da Zapatero, giroa lasaitzeko

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako buruekin bilduko da Espainiako presidentea gaur, atzo iragarritako neurriak haiei propio azaltzeko. Bi sindikatuek gogor kritikatu dituzte Zapateroren doikuntzak, eta mobilizazioak iragarri dituzte datozen asteetarako.



611.493

Pentsiodunak. Datu ofizialen arabera, 611.493 lagunek jasotzen dute Gizarte Segurantzaren pentsioa Hego Euskal Herrian. Horiei, kotizaziorik gabeko pentsioa duten milaka batzuk gaineratu behar zaizkie. Batez beste, 873 euro eskuratzen dituzte Nafarroan, eta 961 EAEn.



Nazioarteko Diru Funtsak dio neurriak «oso onak» direla

Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak «oso onak» iruditu zaizkio Nazioarteko Diru Funtsari. Marek Belka Europarako Europako adarreko buruaren arabera, gastuaren murrizketa«merkatuen konfiantza berreskuratzeko biderik onena» da. Europako Batzordeak esan du neurriak «logikoak» direla.



«Neurriak ezinbestekoaketa bidezkoak dira,ahalegina guztien artean partekatu nahi baitute»

JOSE LUIS RODRIGUEZ ZAPATERO
Espainiako Gobernuko presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.