Espainiak atzo hitzak erabili zituen. Hasteko, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearenak. «Erabat» baztertu zuen erreskate baten premia, Kataluniako RAC 1 irratiari emandako elkarrizketan. Geroago, Elena Salgado Ekonomia ministroak ere agerraldia egin zuen.
Portugalen, asteazkeneko greba orokorraren ostean, 2011ko aurrekontuak onartu zituzten atzo. Sozialistek, gehiengo osorik gabe, PSDko kontserbadoreen abstentzioa behar izan zuten aurrekontuak onartzeko. Berez, PSD aurrekontuen eta bertan jasotako murrizketa neurrien kontra dago, baina ez zuen onartzea oztopatu, arazoak ez handitzeko.
Aurrekontuen muina defizita murrizteko plana da, aurtengo bigarrena: funtzionarioen soldatak %5 jaistea, balio erantsiaren zerga %21etik %23ra igotzea, pentsioak izoztea, zergak igotzea, hainbat inbertsio bertan behera uztea eta gizarte laguntza guztiak txikitzea.
Neurri horien bidez defizit publikoa %4,6ra jaitsi nahi dute 2011n; baina zailtasun handiak dituzte aurtengo helburua, hau da, %7,3ko defizita lortzeko. Oraingoz, ez dute lortu. «Portugalek ez du alternatibarik ahalegin hori egin gabe», esan zuen Jose Socrates lehen ministroak.
Merkatuetan eta zenbait egunkaritan hil kanpaiak jotzen ari dira hildakoa egon aurretik. Financial Times-en Alemaniako edizioak, esaterako, atzo argitaratu zuen Europako Banku Zentrala eta Europako zenbait herrialde Portugal presionatzen ari direla, erreskatea onar dezan, Espainiaren erreskatea saihesteko. Portugalek ukatu egin zuen. Alemaniak ere bai. Eta, badaezpada, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ere gezurra dela esan zuen.
Ez dira zurrumurru hutsak. Thomas Mayer Deutsche Bankeko ekonomialarien buruak erreskatea eskatzeko gomendatu dio Portugali; Espainiari, berriz, maileguak eskatzeko Nazioarteko Diru Funtsari (NDF). Citigroup urrunago joan da. Urtea amaitu baino lehen espero du Portugalen erreskatea, eta «pixka bat geroago» Espainiarena.
Espainiaren hitzek eta Portugalen ekintzek ez zituzten merkatuak lasaitu. Tentsioa eta mesfidantza dira nagusi. Inbertsiogileak Espainiaren zorra saltzen ari dira, egoera okertzearen beldurrez. Arrisku saria, Alemaniako bonuekiko aldea, 264 puntura iritsi zen, mesfidantzaren erakusle. Portugalena 442 puntura iritsi zen. Alegia, Espainiak eta Portugalek %5 eta %7 inguruko errentagarritasuna eskaini behar dute, hurrenez hurren, merkatuan dirua lortzeko. Garesti. Portugalen kasuan, herrialde batentzat onargarria izan daitekeen kopuruaren mugan.
Irlandan gehiengoa estu-estu
Europako Batasunak, NDFk eta Irlandako Gobernuak asteburuan sinatu nahi dute erreskate plana. Baina gauza bat da erreskate plana amaitzea, eta bestea aplikatu ahal izatea. Izan ere, plana aplikatu ahal izateko ezinbestekoa da Irlandako Gobernuak defizita murrizteko neurriak indarrean jartzea. Eta, horretarako, Parlamentuak aurrekontuak onartu behar ditu abenduaren 7an. Baina gobernuaren alderdiak, Fianna Failek (FF), oraindik ez du ziurtatu beharrezko gehiengoa. Gainera, lehen zenbaketen arabera, Sinn Feinen hautagaiak irabazi ditu Donegaleko hauteskundeak, eta berea izango da eskualde horretako ordezkaria Parlamentuan. Sinn Feinek aurrekontuen kontra bozkatuko du.
Irlandarren haserrea neurtu ahal izango da gaur, sindikatuek gobernuaren eta murrizketen kontra deitutako protestan.
############
Hartzekodunek erreskatean parte hartzea aztertzen ari dira Irlandan
Gaurko edo biharko espero dute Europaren, NDFren eta gobernuaren akordioa laguntza planazJ. G.
Irlandako Gobernuak gutxitu egin nahi du erreskatearen faktura; interesak, alegia. Horretarako, bankuetako hartzekodunek galeren zati bat beren gain hartzea eta erreskatean parte hartzea nahi du. Europako Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) bat datoz, baina, horretarako, aukera juridikoak aztertzen ari dira, hartzekodunek auzitara jotzen badute aurre egin ahal izateko.
The Irish Times egunkariaren arabera, bi aukera dituzte mahai gainean: alde batetik, bankuen zorraren zati bat akzioengatik ordezkatzea; bestetik, bankuetandirua sartzeko aukera eskaintzea edo zorragatik dagokiena baino diru gutxiago jasotzea.
Negoziazioak aurreratuta daude. Herenegun gauean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen presioa jaso zuten, behin betiko akordioa asteburuan bertan lortzeko. Horrelakoetan ohikoa den moduan, litekeena da akordioa bihar iragartzea, astelehenean burtsak ireki aurretik.
Erreskatea 85.000 milioi euro ingurukoa izango da, Greziaren 110.000 milioi euroak baino txikiagoa.
Bankuei zerga Alemanian
Alemania da hartzekodunak finantza erakundeen etorkizuneko erreskate prozesuetan inplikatu nahi dituen herrialde nagusia. Hartzekodunak bakarrik ez, baita finantza sektorea ere. Bundesratek, Alemaniako goi ganberak, finantza erakundeei zerga bat ezartzea onartu zuen atzo, diru horrekin erreserba funts bat sortu eta krisiei aurre egin ahal izateko. Zerga erakunde bakoitzaren negozio bolumenaren araberakoa izango da. Urtean 1.300 milioi euro inguru biltzea espero dute.
############