ZORRAREN KRISIA. GASTU PUBLIKOAREN MURRIZKETA. Deflazioaren beldur, euroak eta burtsek galerak izan dituzte

Diru merkatuak ez dira fio gastua murrizteko EBko herrialdeek azken egunetan iragarri dituzten neurriekin

Donostia
2010eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako estatistika erakundeak (INE) kontsumo prezioen bilakaera neurtzeko aintzat hartzen dituen ondasunen erdiak merkatu egin dira azken urtebetean, Espainian. Baina, erregaien garestitzea dela tarteko, urte arteko inflazioa %1,5era iritsi da apirilean. Erregaiak eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituen inflazioak -azpiko inflazioa deiturikoa-, ordea, bilakaera negatiboa izan du azken urtean (-%0,1), datuok argitaratzen direnetik, 1986. urtetik, lehen aldiz, eta horrek deflazioaren mamua berpiztu du.

Giroa lasaitze aldera, azpiko inflazioak apirila negatiboan bukatzeko arrazoiak egutegiari lotutakoak direla argitu Jose Manuel CampaEspainiako Ekonomiako estatu idazkariak. Iaz aste santua apirilean izan zen, eta aurten martxoan. Beraz, iazko apirilean ondasun eta zerbitzuak aurtengoan baino garestiago egotea normaltzat jo du Campak.

Baina estatu idazkariaren hitzek ez dute uxatu Espainiako ekonomia deflazioan sartuko den beldurra. Horrek, eta azken egunotan Europako Batasuneko hainbat herrialdeek gastua murrizteko iragarri dituzten neurrien inguruko mesfidantzak, euroa eta burtsak hondoratu ditu. Azken hamalu hilabeteetako mailarik txikienean da euroa: atzo, euro batek 1,25 dolar balio zuen. Ibex-35 Madrilgo indizeak, berriz,2008ko urriaz geroztik saiorik txarrena izan zuen atzokoa, eta %6,64ko galerekin agurtu zuen astea. Oro har, indize guztiek izan zituzten galerak, baina horietako batek berak ere ez Madrilgoak adinakoak. Milangoak %5,26eko galerak izan zituen, Pariskoak %4,59koak,Frankfurtekoak %3,12koak eta %4,71koak Eurostoxx indizeak.

Hegoaldean, %1,1eko igoera

Jantziak, oinetakoak eta erregaiak garestitzeak, ondasun eta zerbitzuen prezioak %1,1 igo dituapirilean, Hego Euskal Herrian. Urtarriletik apirilera, berriz, %0,4ko igoera izan dute salneurriek; eta urteko arteko inflazioa %1,3an da. Apirilean, hegoaldeko lau herrialdeetan egin du gora kontsumo prezioen indizeak. Gehien, ordea, Araban: %1,4. Gipuzkoan %1,1 igo dira prezioak, eta %1na Bizkaian eta Nafarroan. Urte arteko inflazioa Nafarroan da txikiena, %1ekoa; Gipuzkoan %1,2koa da; %1,3koa Bizkaian; eta, handiena, %1,4koa, Araban.

Urtarriletik apirilera metatutako prezio igoera, berriz, Gipuzkoan da handiena, %0,6koa. Nafarroa dago beste muturrean, %0,1eko garestitzearekin. Araban, %0,4 igo dira prezioak eta %0,3 Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.