ZORRAREN KRISIA. GASTU PUBLIKOAREN MURRIZKETA. ELAk dio Europako biztanle bakoitzeko bankuek 3.000 euro jaso dituztela

Bankuei 61.000 milioi euro «oparitu» eta gero 65.000 milioi euroko doikuntza egitea egotzi dio Muñozek Zapaterori

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Finantza sistema arautzeko lege berririk ez da egin, eta bankuek ez dituzte kredituak ematen, baina, hala ere, Europako Batasunekogobernuek bankuei 1,5 bilioi euro eman dizkietela salatu du Adolfo Muñozek: «Eskandalu erraldoia da bankariekin elkartasuna izatea, orain arte bezala jokatzen jarrai dezaten». Krisi ekonomikoaren harira finantza erakunde pribatuei txertatutako dirua nondik ateratzen den da ELAko buruzagia kezkatzen duena, laguntza horiek «langileen lepotik ordaintzen» direlako.

Izan ere, Espainiako Gobernuak 65.000 milioi euro aurrezteko murrizketak iragarri dituen bitartean, bankuei 61.000 milioi euro «oparitu» zizkien iaz. Muñozek «lotsagarria» deritzo egoerari, eta politika «botere ekonomikoaren zerbitzura lanean ari dela argi eta garbi azaltzen» duela nabarmendu du.

Europako Batzordeak finantza sistemari gobernuek emandako diruaren gaineko datuak zabaldu dituzte eta, ELAk, txosten batean bildu ditu, datu ofizialak aztertu, ondorioak atera eta hainbat proposamen plazaratzeko. Txostena aurkezteko agerraldia egin zuen atzo Muñozek, Mikel Noval sindikatuko gizarte gaietarako arduradunarekin batera.

Europako Batasuneko 27 herrialdeek 3,7 bilioi euroko laguntzak onartu zituzten iaz finantza sistema erreskatatzeko, batasunaren barne produktu gordinaren ia heren baten (%31,4) bestekoa. Emandako diru guztia, alabaina, oraindik ez dela erabili zehaztu du Novalek, «etorkizunean erabiltzeko utzi» dutelako.

Erabilitako dirua, 1,5 bilioi euro, 27ko Europako herritar guztien artean banatuz gero, «bankuek 3.000 euroko transferentzia jaso dute biztanle bakoitzeko». Osasuneko eta hezkuntzako gastu publiko osoaren parekoa dela kalkulatu du sindikatuak.

Espainiako Gobernuak, bestalde, 230.000 milioi euroren laguntzak onartu ditu bankuetarako, bere BPGdren %21,9 beste. Orain arte erabilitakoa, aldiz, BPGdren %5,8ari dagokio, 61.000 milioi euro, alegia.

Inoizko handiena

Bankuei emandako laguntza, ELAren txostenaren arabera, sektore publikoak «historia osoan inoiz egin duen aberastasun transferentziarik handiena» da. Hala izanda ere, finantza sistemaren « gehiegikeriak galarazteko» neurririk ez dela hartu deitoratu du Novalek: «Kreditu politikari ez zaio baldintzarik jarri». Kalifikazio agentzien jardueraren kontrol falta salatu du bereziki.

Sindikatuak, berriz, laguntza horien gaineko informazio falta kritikatu du, aberastasunaren banakateran aurkako neurriak hartu dituztela «ezkutatu» nahi izan dutela. Bankuei emandako «dirutza itzelak», gainera, gobernuen defizita eta zor publikoa handitu dituela gogorarazi du ELAko kideak.

Neurri horien guztien kontra egiteko dei egin die sindikatuak langileei eta gizarteari, mobilizazioa «ezinbestekoa» dutelako. Muñozek gaineratu du Krisialdia gainditzeko politika publikoak «errotik» aldatu behar dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.