ZORRAREN KRISIA. IRLANDA ETA PORTUGAL. Pentsioak jaitsi, erretiroa atzeratu eta zergak handituko ditu Dublinek

«Aurrera egin ahal izateko, aurretik urrats batzuk atzera egin behar ditugu», justifikatu du Brian Cowen Irlandako lehen ministroak

Iker Aranburu.
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Azken bi urte eta erdian indarrean jarritako bost doikuntza planak txiki utzi ditu Irlandako Gobernuak atzo aurkeztutakoak. Erretiroaren adina 68 urtera handituko dute 2028rako, pentsio publikoak txikituko ditu, sozietate zerga ez besteak handituko ditu eta tasa berriak ezarri. Langabeentzako eta familientzako laguntzak ere murriztuko ditu.

Berreskuratze Nazionalaren Planaren bitartez, datozen lau urteotan defizita 15.000 milioi eurotan gutxitzeko asmoa du Irlandako Gobernuak. Horietatik, 10.000 milioi gastua murriztuta lortu nahi ditu, eta beste 5.000 milioi zergak igota. Helburua beteko balu, defizit publikoa BPGaren %9,1era jaitsiko da 2011ean eta %3ra 2014an. Aurten %32ra iritsiko da, bankuak salbatzeko jarri dituen 35.000 milioiengatik.

Murrizketak ezinbestekoak direla argudiatu du Brian Cowen lehen ministroak. «Aurrera egin ahal izateko, aurretik urrats batzuk atzera eman behar ditugu», esan du. Plana eta horrekin batera 2011ko aurrekontuak onartzeko eskatu die bere alderdiko kideei eta oposizioari. «Neurriak atzeratzeak etorkizunean zama handiagoak ekarriko lituzke, gutxien jasa ditzaketenentzat gainera». Finantza merkatuek ez diote jaramon handirik egin, eta Irlandaren, Portugalen eta Espainiaren zorraren gaineko presioari eutsi diote. Gainera, S&Pk bi maila jaitsi ditu Irlandaren zorraren kalifikazioa, 'A'-raino.

Gastu soziala

Gizarte gastua %15 gutxitu nahi du lau urtean, hots, 2.800 milioi eurotan. Familiei ematen dizkien laguntzak gutxituko ditu, eta berdin egingo du langabezia sariarekin, «lan egitea sustatzeko».Beste 3.000 milioi euro aurreztu nahi ditu hezkuntzan, defentsan, nekazaritzan eta justizian.

Administrazioa

Hurrengo urteotan 24.750 funtzionario kenduko ditu Estatuak. Urte oparoetan asko handitu zen administrazioa, eta 361.000 enplegatu publiko daude, gutxi gora behera zortzi mila biztanleko. Hego Euskal Herrian, esaterako, bost daude mila biztanleko. Funtzionario berriei %10 gutxituko dizkie soldatak.

Gutxieneko soldata

Gaur egun, gutxienez orduko 8,65 euro jasotzen dituzte irlandarrek. EBkoen artean bigarren handiena da, baina bosgarrena erosteko ahalmena kontuan hartuta. Diru hori enpresa pribatuek pagatzen dutenez, berez ez du eraginik defizitan, baina Gobernuak argudiatu du txikiagoa balitz enpresaburuek langile gehiago kontratatuko lituzketela.

Zergak

Etxegintzaren burbuilaren leherketak %35 gutxitu ditu Irlandako Estatuaren zerga bidezko sarrerak 2007tik hona. Gainera, Irlanda da gaur egun Mendebaldeko Europan presio fiskal txikiena daukan estatua, BPGaren %32.Egoera asko aldatuko da, zerga gehienak igoko dituelako gobernuak. Salbuespena sozietate zerga da: Alemaniak asko presionatu arren, %12,5ean jarraituko baitu multinazionalak erakarri ahal izateko. BEZ %21etik %22ra igoko da 2013an, eta %23ra 2014ean. Unibertsitatean izena ematea 2.000 euro kostatuko da, orain baino 500 euro gehiago. Ur kontsumoa zergapetuko dute 2014ean, behin etxe guztietan kontagailuak jartzen dituztenean. Jabetza Zerga sortuko dute. Erreforma nagusia, ordea, errenta zergan etorriko da. 2006ko mailara itzuliko da, eta gaur egun zerga hori pagatzetik salbuetsita dauden hamarnaka mila lagunek -%45ek ez dute ordaintzen-, pagatzen hasi beharko dute. Gehienezko tasa %42ra itzuliko da, eta zerga kenkariak desagertuko dira.

Pentsioak

Pentsio publikoei -sistema pribatua oso hedatuta dago Irlandan- tasa bat ezarriko die gobernuak 12.000 eurotik aurrera. Aurrerantzean erretiroa hartzen dutenek automatikoki %10 gutxiago jasoko dute.

Erretiroa

Erretiroa hartzeko adina atzeratuko dute: 2014an 66 urtean, 2021ean 67 eta 2008an 68.

Bankuak

EBren eta NDFren 85.000 milioiko maileguak iristen direnean,zati bat bankuak kapitalizatzeko baliatuko du Irlandak. Horren ondorioz, Anglo Irish eta Irish Nationwide ez ezik, AIB eta Bank of Ireland ere ia-ia osorik Estatuaren esku geratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.