Hogeita bi urtean lehen aldiz, elkarrekin egin dute greba Portugalgo bi sindikatu nagusiek, CGTPk eta UGTk. Emaitzarekin oso gustura geratu dira. Azaldu dute hiru milioi pertsonak egin dutela bat deialdiarekin-5,6 milioiko biztanleria aktiboa du Portugalek-. Helena Andre Lan ministroak guztiz bestelako datuak eman ditu. Esan du langileen %40k bakarrik egin dutela greba, eta administrazioko langileek artean %20 babesa izan duela mobilizazioak. Hala ere, aitortu du garraioan jarraipena ia erabateko izan dela.
Hain zuzen, hegaldien %90 bertan behera geratu ziren. Aldirietako trenek, autobusek, tranbiak eta Tajo ibaiaren bi aldeak lotzen dituzten transbordadoreek ere oso zerbitzu gutxi eman zituzten. Ondorioz, Portugalgo eta Oportoko sarrerak erabat blokeatu ziren. Gainerakoan, auzitegietan, eskoletan eta unibertsitateetan ere ia erabatekoa izan zen greba.
Enpresei dagokienez, Wolkswagenen Autoeropa lantegiageldirik egon zen. Egunean 500 auto ekoizten dira han. Aipagarria da enpresa txiki eta ertainen elkarteak ere bat egin zuela greba orokorrarekin. Hala, lanera joan ziren langileei ere ordaindu egingo die atzoko eguna.
Murrizketa handiak
Gaur onartuko ditu Parlamentuak datorren urterako aurrekontuak. Murrizketa handiak iragarri ditu: langile publikoen soldatak %5 murriztea, pentsioak izoztea, balio erantsiaren zerga %21etik %23ra igotzea eta gizarte laguntzak murriztea, besteak beste.Era horretan, defizit publikoa %4,6ra jaistea da asmoa, nazioarteko balizko salbamendu plan bat saihesteko. Hain zuzen, Irlandaren atzetik Portugali begira daude begi guztiak orain.
Grebak greba, neurriak indarrean jarriko direla diote adituek. Kontsumoaren jaitsierak ekonomian izango duen eraginaz ere ohartarazi dute.
ZORRAREN KRISIA. IRLANDA ETA PORTUGAL. Portugalgo greba historiako handientzat jo dute
Gobernuak iragarritako murrizketen aurka atera dira kalera langileak; garraioetan igarri da gehien protesta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu