ZORRAREN KRISIA. «Irlandako murrizketa planak 90.000 enplegu kenduko ditu»

Irlandako sindikatuen konfederazioak deituta, manifestazioa egingo dute gaur Dublinen; Doylek uste du herritarren egoera okertu baino ez dutela egingo salbamendu planak eta gastu publikoa murrizteko neurriek.

Amaia Alvarez.
Dublin
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Irlandako sindikatuen konfederazioak (Irish Congress of Trade Unions) manifestazio batera deitu du gaurko Dublinen. Europako erreskateak eraginen dituen ondorioak salatzeko eta Brian Cowenen gobernuaren murrizketa plana gaitzesteko lehen protesta handia izanen da. «Agian, gauzak aldatzeko azken aukera da biharkoa», dio konfederazioko bozeramaile Macdara Doylek, eta abenduaren 7an 2011erako aurrekontuak onartuko dituztela ohartarazi du.

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) astebete darama Dublinen...

Gure ekonomiaren kolapsoa saihesteko baino gehiago, banku sistemarena saihesteko etorri dira Europako Batasuna eta NDF Irlandara. Jakina, une honetan arazoak ditugu, baina hori ez da Irlandan soilik gertatzen ari; defizita eta langabezia herrialde gehienetan daude. NDF etorri bada, eurogunea salbatu nahi duelako etorri da, eta, horretarako, Irlandak bankuen zorrak ordaintzea nahi du. Irlandak, ordea, ezin du hori berriz ere egin. Bankuak salbatu beharrean, zergak ordaintzen dituzten herritarrak lagundu beharko lituzke gobernuak.

Zergatik iritsi da Irlanda egoera honetara?

Gobernuak aholku ideologikoei muzin egin die beti. Neoliberalismoari jarraikiz, Tigre Zeltaren ideologiari eutsio dio. Aldi berean, bankuek gezurra esan zuten, agintariek beraien gordailuak berma zitzaten. Adituek hamaika aldiz errepikatu dute bankuen egoera aztertu behar dela han diru publikoa sartu baino lehen, baina agintari publikoek ez dute kasurik egin.

Irlandako Gobernuak lau urteko murrizketa plana aurkeztu zuen asteazkenean. Besteak beste, sektore publikoak jasoko du kolpea.

Plan bortitza da. Eta ez du funtzionatu behar, ekonomiatik dirua atera behar duelako, atzeraldi handiagoa eraginen duelako. Esaterako, gutxieneko soldata euro bat murriztu nahi dute orduko; beraz, langile horiek 40 euro gutxiago irabaziko dituzte astero eta gutxiago gastatuko dute tokiko zerbitzu eta dendetan. Horrek langabezia besterik ez du sortuko. Gure kalkuluen arabera, lau urteko plan horrek 90.000 enplegu kenduko ditu eta, halaber, ez du ekonomia indartuko. Okerrena iristeko dago.

Horri aurre egiteko, zer proposatzen du sindikatuen konfederaziak?

Defizita ezin da bat-batean %20 murriztu. 1997eko kopuruetara ezin gara hiru urtean ailegatu. Murrizketak egin daitezke, baina gizartean eragiten duzun kaltea minimizatuz. Zerga berriak ere ezar daitezke, baina gutxien daukatenei kalte egin gabe. Konfiantza eman behar da, gauzak egonkortu. Industria jasangarriak bultzatzea ere garrantzitsua da.

Hurrengoak Portugal eta Espainia izanen direla diote hainbat adituk.

Hori saihestera etorri dira Irlandara Europako Batsuna eta NDF. Hori da, izan ere, buruan duten gauza bakarra. Alabaina, nahiz eta Irlanda salbatu, Portugal eta Espainarekin gauza bera gertatzeko arriskua ez da apaldu. Nire ustez, merkatuekiko ekintza bateratuak dira aterabidea. Politikariek gogorragoak izan beharko lukete finantza merkatuekin. Espekulazio pribatua erregulatu beharra dago.

Egunotan ez da protesta handirik ikusi Irlandan.

Protesta itsuak ez dira eraginkorrak, begira bestela Greziari. Zerbait egiten bada, ondo antolatu behar da, estrategia ondo pentsatuz eta ahal den jende guztia elkartuz. Biharko antolatu dugun manifestazioa, hala ere, ez da egin dugun lehena, ez eta azkena izanen ere.

Asteazkenean greba orokorra egin zuten Portugalen. Irlandan ba al duzue halakorik egiteko asmorik?

Konfederazioak sektore asko ordezkatzen ditu, pribatu eta publikokoak. Sektoreetako ordezkariek sentitzen dutenean euren eskubideak aldarrikatzeko greba egitea dela bidea, hala aginen da. Edonola ere, greba orokorra oraindik ez dago mahai gainean.

Nola laburbilduko zenuke irlandarren sentipen orokorra?

Jendea paralizatua dago. Askok uste zuten murrizketa plana baino lehen eginen zirela hausteskundeak, baina urtarrila iragan eta gero izanen dira. Ez da, beraz, aukerarik egonen beste proposamen batzuk aztertzeko. Ez du inolako zentzurik murrizketa plana onartu ondoren bozetara deitzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.