Merkelek atzo azaldu zuenez, Greziari dirua uzteko beste aukerarik ez zegoen, zorra itzultzeko nahiko diru ez biltzeko arriskua berehalakoa baitzen. Hori bai, gobernuburuak ziurtatu du helburu nagusia ez dela Atenas salbatzea, baizik eta eurogunea egonkortzea eta, horrela, Alemaniari laguntzea.
Merkelen arabera, bi ikasgai atera behar dira Greziaren zorraren krisitik. Batetik, finantza merkatuak «erregulatzeko tresnak ez daude behar beste garatuta espekulazioa eragozteko». Bestetik, «Egonkortasun Itunari izkin ez egiteko kontrol tresnak garatu behar dira». Beste hitz batzuetan, herrialde guztien kontuak zorrotz zaindu behar direla Greziaren kasua bakana izan dadin.
Guztira, 110.000 milioi euro bitarte jaso ahal izango ditu Greziak datozen hiru urteotan: 30.000 milioi NDF Nazioarteko Diru Funtsak jarriko ditu, eta beste 80.000 milioiak euroaren eremuko herrialdeek, norberaren ekonomiaren neurriaren arabera.
Horrek esan nahi du Alemaniak jarriko duela diru gehien, eta hark aterako duela etekin handien, baldin eta Greziak hitza bete eta zorra garaiz pagatzen badu. Izan ere, Greziari utzitako dirua finantza merkatuetan bilduko dute euroguneko herrialdeek, eta horietan Alemaniak pagatzen du gutxien, %3,05 iragan ostiralean. Frantziak %3,3 inguru pagatzen du, eta Italiak eta Espainiak %4. Greziari, berriz, %5eko interesa kobratuko diote. Hau da, gero eta dirua merkeago lortu, are eta etekin handiagoa. Arazoa Portugalentzat izan daiteke, uneotan %5etik gorako maileguak soilik lortu ahal dituelako.
EBZren salbuespenak
Europako Banku Zentralak ere laguntzea erabaki du, eta iragarri du Greziako zor subiranoa onartuko duela bere maileguen berme gisa. Zor horri zabor izaera (BB+) ematen dio Standard & Poor's kalifikazio agentziak -oraindik ez Fitchek eta Moody'sek-, eta, hortaz, egoera normalean ez luke balio izango EBZren aurrean. Finantza krisiak banku zentralaren baldintzak bigundu egin ditu, baina hau da espreski herrialde bati laguntzeko hartzen duen lehen neurria.
Berria bereziki ona da Greziako bankuentzat, herrialdeko zor publikoak leku handia betetzen duelako haien aktiboetan (45.000 milioi), eta horiek gabe oso zaila izango litzaiekeelako EBZn likidezia eta mailegu merkeak (%1) lortzea. Baina Europako beste herrialdeetako bankuei ere mesede egin die EBZk, bereziki alemaniarrei eta frantziarrei, 80.000 milioi inbertitu dituztelako Greziako bonu publikoetan. Atenasi lagunduta, funtsean, beren herrialdeko bankuei lagundu diete Alemaniako eta Frantziako gobernuek.
Greziako Gobernuaren «ausardia» txalotu du Strauss Kahnek
Dominique Strauss Kahn Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak goraipatu egin du Greziako Gobernua, gastu publikoa gutxitzeko «muturreko neurriak» onartu dituelako. Haren arabera, Atenasko agintariek ez zuten beste erremediorik, NDFren eta eurogunearen mailegurik gabe Greziak ez zuelako dirurik izango funtzionarioei edo pentsionistei pagatzeko. «Ez zegoen gastuak zorrotz jaistea beste biderik, Greziaren lehiakortasun falta izugarria delako», ziurtatu dio Strauss Kahnek Le Monde egunkariari. NDFk Greziari lagunduko dio «izen hori merezi duen zerga sistema» ezartzeko.Bere buruari ere lore batzuk bota dizkio NDFko buruak. «Egoera desblokeatu egin zen, Alemaniako talde parlamentariei sinetsarazi nienean euroaren egonkortasuna ez ezik haren etorkizuna eta Alemaniako kontuak ere mehatxupean zeudela».