Zorraren tsunamia Mediterraneoa zeharkatzen ari da, ekialdetik mendebaldera. Lehenik Grezian jo zuen lurra, eta atzo Espainiara iritsi zen. Bidean Italiarekin ez da gogoratu, eta eskerrak, begiratuz gero ohartuko zelako hark duela bigarren zor publikorik handiena Europako Batasun osoan. Tsunamia zorra itzultzeko gaitasunari buruz kezkatuta dauden rating agentziek eragin dute, eta ohi duten moduan, haren eragina puztu dute inbertsiogileek. Atenasko burtsa %6 jaitsi zen herenegun eta beste %3,3 atzo, S&P eta Fitch agentziek haren zorraren kalifikazioa jaitsi ondoren. Uholdea geratzeko neurriak hartzeko gai dela esan du Giorgos Papaconstantinos Greziako Ekonomia ministroak, «Grezia ez baita Islandia berria izango». Espainiaren zorraren kalifikazioa okertzeko lehen urratsa eman zuen atzo S&Pk, eta olatua Madrileraino iritsi zen. Ibexek %2,27 galdu zuen, Europako beste burtsa garrantzitsuek %1etik beherako galerak zituztela.
Nueva Rumasa. Ruiz Mateosfamiliak eskaintza egin dio SOS elikadura enpresari. Haren kapitalaren %25 eta %29,9 artean eskuratu nahi du, akzioko 1,5025 euro ordainduta. Hamabost eguneko epea jarri dio erantzuteko.
Iberdrola. Energia nuklearraren aldeko apustua egin edo bestela 35.000 milioi euro inbertitu. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako (-0,91) presidentearentzat bi aukera horiek geratzen dira etorkizunera begira.
'Zorratuta'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu