Lan gatazkak

Zortzi greba egunera deitu dute Andoaingo SAPA armen enpresan

2019. eta 2020. urteetako soldata igoeren negoziazioek huts egin ondoren, lanuztera deitu dute hilaren 26, 27, 28 eta 29an, eta abenduaren 2, 3 ,4 eta 5ean

SAPA arma enpresa. SAPA
xabier martin
2019ko azaroaren 20a
12:23
Entzun

Realeko presidente Jokin Aperribai akziodun nagusi da SAPA armen enpresan, eta hango langileek zortzi greba egunera deitu dute beren lan baldintzen alde. Andoaingo (Gipuzkoa) SAPAko beharginek hilaren 26an hasiko lukete lanuztea, eta azaroko astea osatuko lukete protestan, ELA sindikatuak azaldu duenez. Ondoren, abenduaren 2tik 5era luzatuko litzateke greba, astelehenetik ostegunera. Langileak soldata igoerak negoziatzen aritu dira 2019. eta 2020. urteetarako, baina prozesu horrek ez du emaitzarik eman.

«Greba horien helburua da lan baldintzak duintzea», esan du sindikatuak. Hamarkada batez soldatak izozturik izan dituztela salatu du ELAk, eta oraindik berreskuratzeko dutela «galdutako erosteko ahalmena». Edonola ere, enpresa «esertzera eta hitz egitera» bultzatu nahi dute. Negoziazioak «nahita luzatu» dituela uste du sindikatuak, eta salatu du zuzendaritzak ez duela proposamen zehatzik egin.

Kirol arloan beste jarrera bat

Aurreko urtean, SAPAko beharginek KPI + %0,8ko soldata igoera izan zuten, lehena urte askoan; greba mugagaberako deialdia egin ondoren erdietsi zuten igoera hori. «Enpresa hau zuzentzen duen taldearen azpijokoen beste adibide bat da», dio sindikatuak ohar batean. »Aperribai familia eskuzabal baino eskuzabalago agertzen da kirol arloan, baina enpresa pribatuan, 170 langile baino gehiago ardurapean eduki arren, langile batzordearekin hitz egitera ere ez da esertzen».

SAPAko batzordeak argi utzi du ez duela «bilera baldar gehiago» onartuko. Krisi garaian galdutako erosahalmena berreskuratu nahi dute beharginek, «eta, batez ere, errespetua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.