Zumaiako Xey enpresako langileek greba hasiko dute astelehenean

Lan erreformaz baliatuta, soldataren herena kendu eta lanaldia %10 luzatu nahi die zuzendaritzak

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Zumaiako Xey enpresako langileek mugagabeko lanuztea hasiko dute hurrengo astelehenean, soldata %30 jaisteko eta lanaldia %10 luzatzeko zuzendaritzak egindako proposamenaren kontra. Astelehenean egin zuten batzarrean, langileen %87k bozkatu zuten greba egitearen alde.

ELAk gogor gaitzetsi du zuzendaritzaren jarrera, PPren gobernuak egindako lan erreforma baliatu eta muturreko murrizketak proposatu dituelako. ELAk prentsa ohar batean jakinarazi duenez, soldata jaitsiera eta lanaldia luzatzea bakarrik ez, enpresak indarrik gabe utzi nahi ditu 2012 bukatu arteko indarraldia duten beste hainbat akordio ere. Zuzendaritzak hilaren 15ean jarri nahi ditu neurri berriak indarrean.

Sindikatu horren arabera, Xeyko langileek dagoeneko lau urte daramatzate erregulazio neurrien mende. Azken hilabeteetan soldataren %90 kobratzen dute, itunean hitzartutako lanorduen %90 sartzen dituztelako.

Bihar zuzendaritza eta langingileen ordezkariak Precon biltzekoak dira, baina sindikatuek ez dute greba bertan behera uzteko asmorik.

Zumaiako Xeyn 150 bat lagunek lan egiten dute. Sukalderako eta komunerako altzariak egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.