Ekonomia

Zumarragako Arcelorreko 85 langile joango dira Asturiasera

209 beharginek lekualdatzeari uko egin diote, eta enpresak emandako kalte-ordainarekin kalean geratu dira. Beste 21ek erretiro aurreratua hartu dute.

xabier martin
2016ko uztailaren 22a
12:37
Entzun

Berria-k atzo aurreratu zuen moduan gehiago izango dira langabezian geratuko diren Zumarragako Arcelorreko langileak Asturiasen lanpostua onartuko dutenak baino. 85 beharginek Avilesko eta Gijongo plantetara joatea onartu dute, Asturiasen (Espainia), baina 209k nahiago izan dute euren kaleratzeen baldintzak onartu eta Euskal Herrian geratu. Beste 21ek aldez aurretik erretiratzea onartu dute, eta zortzi Zumarragako txatarra parkea kuadetzen geratuko dira, zorte handiena izan dutenak. Kaleratzea aukeratu duten 209 langiletik 187 ez dira atzodanik Arcelor multinazionaleko behargin, eta lan bizitza berriro antolatzeari ekin diote. Beste 22ak Zumarragako lantegiaren itxiera kudeatzen ari dira; giza baliabideetako eta lantegiko zigilatze lanetan ari direnak dira. Prozesua amaitzean, Arcelorrekin duten lan harremana hautsiko dute.

Modu tristean bukatu da Zumarragako Arcelorreko historia. Haran osoa mobilizazio handiak egin ditu azken hilabeteetan, itxieran atzera egin zezala eskatzeko ArcelorMittal multinazionalari. Eusko Jaurlaritzak ere bilera anitz izan ditu enpresarekin, baina altzairuaren krisiak aurrean eraman du azkenean Zumarragako lantegi historikoa. Sestaoko ACBren frontea ere irekita dago, hura ere ArcelorMittalden esku, eta, oraingoz, itxita jarraitzen du. Irekiera ahalbidetuko lukeen akordio baten zain daude langileak, baina zaila ematen du, Jaurlaritzak oraingoz eman ez dituen laguntzak eskatzen dituelako zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.