ALTZAIRUGINTZA

Zumarragako Arcelorren lekualdatzeez hitz egiteko lehen bilera, asteartean

Multinazionalak Zumarragako lantegiko jardueraren zati bat etengo duela salatzeko, protesta jendetsua egin dute Donostian. Inplikatzeko eskatu diete erakundeei, eta lantegiko beharginei geroa ziurtatzeko. Jaurlaritzaren proposamena ez dute askitzat.

Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Donostiako Gipuzkoa plazan, Arcelorreko lanpostuak defendatzeko. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 26a
16:49
Entzun

Hamar egun igaro dira Urola Garaia eskualdeko industriarik handienaren geroa zalantzaz josita utzi zuen albisteak argia ikusi zuenetik: Zumarragako lantegiaren itxiera partziala iragarri zuen Arcelor Mittal multinazionalak, altzairuaren sektoreko liderrak. Orduz geroztik, bizkortu egin dira langileen protestak eta administrazio publikoen bitartekaritza eskaintzak. Iragan astean Zumarraga-Urretxun eginiko manifestazio jendetsuari lekukoa hartu dio gaur arratsaldean Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren atarian, eginiko protestak: Industria politika erreal baten alde, Arcelor Mittal ez itxi lelopean, ehunka lagun bildu dira. "Jo ta ke, irabazi arte!", "Administrazioa, inplikazioa" eta "Urkullu esnatu, langabezia ate-joka dago" gisako oihuekin eskatu diete erakundeei lantegiaren geroa ziurta dezatela.

Eusko Jaurlaritzak laguntza eskainia dio Arcelorri Zumarragan inbertsioak egin ditzan. Produktu berriak egiteko eta merkatu berriak bilatzeko moldaketak proposatu ditu gobernuak, itxiera eragozteko. Proposamen horren barruan, lantegia gaurkotzeko inbertsio plan "zehatz eta argia" agindu du gobernuak, altzairuko multinazionalak iazko irailean helarazi zizkion beharrizanetan oinarrituta.

Alternatiba, hankamotz

Planaren helburuetako bat da Arcelorrek Bergaran eta Zumarragan dituen lantokiak bateratzea, produktu eta merkatu berriak erakarri ahal izateko. Hori bai, atea irekitzen dio gaur egun dagoen lantaldea murrizteari, neurri ez traumatikoen bidez, baita lantegiko produkzioa eta jarduera aldatzeari ere. Langileen lekualdatze batzuk ere onartuko lituzke, baina orain arte aipatu direnak baino gutxiago.

Plan alternatibo horrek, baina, ez ditu langileak erabat konbentzitu, egungo lantegiaren lehiakortasun falta onartu eta birmoldatze baten beharrean oinarritzen delakoan. Motz geratu zaie, egungo lantegia salbatzea lehenesten baitute. Korapiloa askatzen hasteko, lehen bilera egingo dute etzidamu zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, 11:00etan. Printzipioz, lekualdatzeez hitz egiteko. Sindikatuek, izan ere, berririk ez dute multinazionalak lantegiaren itxiera partziala aurreratu zuenetik; goibel daude.

Ostiralean, greba

Negoziazio mahaia, dena dela, herren jaio da. Biltzeko tokian ere ez dira ados jarri: langileen ordezkari Leo Botek jakinarazi du haiek Zumarragako lantegian batzartzea nahi dutela, baina zuzendaritzak beste toki bat nahiago duela. Erakundeekin —Jaurlaritza, aldundia eta inguruko udalerrietako alkateak—, berriz, apirilaren 1ean bilduko dira berriro langileak.

Zumarragako lantegiak egiten duen produkzioaren atal bat kentzeko asmoa du Arcelorrek, eta lantaldea —325 behargin baino gehiago— lekualdatzeko aukera ireki du. Sestaoko ACB lantegiaren jarduna geldirik du dagoeneko multinazionalak. Zumarraga-Urretxuko langileek orain astebete hasi zituzten protestak, eta aurrerantzean ere mobilizazioei eustea erabaki dute. Lan gatazkak irauten duen bitartean, elkarretaratzeak egingo dituzte asteartero lantegiaren kanpoaldean, 13:00etatik 15:00etatik. Hurrengo ostiralean, gainera, egun osoko greba egingo dute, eta Donostian elkarretaratzeko asmoa dute berriro, aldundiari ardura eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.