Zuzendarien plana onartu dute Ramon Vizcainoko langileek

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren babesa lortu behar du orain aurrera jarraitzeko

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egoera larrian dago hozte sistemak egiten dituen Oiartzungo Ramon Vizcaino enpresa (Gipuzkoa). Urtarrilean sei hilabeterako enplegua erregulatzeko espedientea jarri zuen martxan. Orain, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzak nahi ditu. Horretarako, ordea, enpresaren bideragarritasun planari oniritzia eman behar diote. Zuzendaritzak dagoeneko aurkeztu dio plan hori Eusko Jaurlaritzari, baita langileei ere. Atzo egin zuten bozketa azken horiek, eta Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegietako beharginen %80k onartu zuten.

Egungo akzioak %25era murriztea proposatzen du enpresak, eta gero, kapitala Eusko Jaurlaritzaren, Diputazioaren eta inbertitzaile berrien kapitalarekin hedatzea. Horrez gain, Jaurlaritzaren bestelako laguntzak ere kontuan hartzen ditu, partaidetza kredituetan eta abaletan emandakoak hain zuzen.

Lan arloan, 120 eta 150 langilek erretiro aurreratua hartzea proposatzen du planak, baita pizgarri bidezko kaleratzeak ere. Horiek 2005ean negoziatu eta 2006an egindakoen baldintza berberetan izango lirateke.

Jaurlaritzak plana onartuko balu kapital sozialaren %60ren babesa izango lukeela esan du Ramon Vizcaino taldeak, eta baita konpainia osatzen duten gainerako «alde guztiena» ere, hau da, langileena, hartzekodun nagusia den Kutxarena eta zuzendaritza taldearena. Ez dagoela beste plan posiblerik gaineratu du enpresak, orain aurkeztutakoak erakunde publikoek jarritako baldintza guztiak betetzen dituelako.

Parte hartzeko eskaera

Euskadiko CCOOk «parte hartzeko» eskatu die administrazio publikoei. Haren ustez, hartzekodunen konkurtsora joanez gero itxi egingo litzateke enpresa eta 380langile kale gorrian geratu. Horietatik erdiek inguruk Oiartzungo lantegian egiten dute lan.

Sindikatuaren iritziz, akziodun nagusien eta langileen babesa jaso ostean, zalantza guztiak argitu dira, eta Administrazioak lagundu egin behar lioke Ramon Vizcaino taldeari, Gipuzkoako industria ehunarentzat motorra delako. «Hain beharrezkoa den ekoizpen eredua aldatzeko apustu erabakigarriak egin behar dira, ez hitzetan bakarrik, balio teknologiko handia duten sektoreen alde eginda hain zuzen, eta hozte sistemak hala dira», esan du.

ELAk eta LABek akziodunen arteko liskarrak jo ditu egoeraren erantzuletzat. «Kudeaketa axolagabe horrekin, arriskuan ari dira jartzen egungo enpresaren bideragarritasuna», esan dute. Enpresako akzioen %33 dituzten Jose Ramon eta Jose Mari Vizcaino ez dauden ados gaur egungo zuzendarien kudeaketarekin, eta kargua uzteko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.