ENPRESAK

Zuzendaritzak TS Fundiciones itxi nahi duen susmoa dute langileek

Enpresa batzordeak industria plana eskatu dio zuzendaritzari. Haien ustez, enpresa bideragarria da, kaleratzerik gabe, "gaitasuna duen" zuzendaritza edukiz gero. 

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 14a
15:06
Entzun

Susmo txarrak dituzte Zestoako Ts Fundicioneseko langileek enpresako zuzendaritzak aurkeztu dien bideragarritasun planari buruz. "Beldur gara oraingoz zuzendaritzak TS Fundiciones itxi nahi duela, eta errua langileei bota". Asteartean aurkeztutako planak 50 langileren kaleratzea aurreikusten du, eta geratuko diren 110 langileek %25 gutxiago kobratzea, urtean ehun ordu gehiago lan egin —Gipuzkoako metalgintzako itunarekin parekatzeko— eta lanaldi malguagoa izatea. Enpresak azaldu zuenez, neurri horiekin, enpresa "lehiakide europarren pare" jarriko da, eta luze gabe jarduerari eutsiko dio.

Enpresak datorren astera arteko epea eman die langileen ordezkariei planari buruzko erantzun bat emateko. Enpresa  konkurtsoaren aurrekoan dago, eta bideragarritasun plana bizkor indarrean jarri ezean bezero asko galtzeko arriskua dagoela ohartarazi du zuzendaritzak. Industria eolikoarentzako osagaiak egiten ditu Ts Fundicionesek, baina asko gutxitu zaio lana azkenaldian. Batetik, sektore horretan inbertsioek geldialdi bat izan dutelako, eta, bestetik, bezero askok Txinako produktuak erosten hasi direlako edo beren fundizioak sortu dituztelako. Iaztik hona %43 tona gutxiago ekoiztu du, eta fakturazioa 20 milioira jaitsi da, prezio txikiagoak eskaini behar izan dituelako bezeroei eusteko. Diru gutxi da hori, kontuan hartuta 28 milioi euroren zorra pilatu duela. "Zor hori ez da bideragarria enpresa berregituratu ezean", azaldu du enpresak. Hornitzaileekin eta bankuekin duen zorra berriro negoziatu nahi du zuzendaritzak.

Enpresa batzordearen lehen erantzuna ez da  enpresak nahi zuena. Hedabideetara igorritako agirian ez diote ezezko borobilik eman negoziatzeari, baina kexu dira zehaztu dizkieten neurri guztiak langileen kalterakoak izatea. "Langileak likidazioarekin mehatxatu dituzte 'bideragarritasun plana' onartu ezean. Berriro ere, beldur eta langabeziaren mehatxua baliatzen dira diziplina ezartzeko. Gainera bilatzen dute bake sozialean egitea dena, familia osoak lanik gabe geratu eta pobretzen diren bitartean". Horregatik, industria plan bat egitea eskatu diete jabeei, eta lan taldea ez txikitzeko enpresak aurretik hartutako konpromisioak betetzeko.

Enpresa batzordeak uste duenez, oraingo zuzendaritzaren errua da enpresaren egoera txarra. 2012ko martxoan Joaquin Velez administratzaile bakartzat izendatu zutenetik hartutako erabakiak okerrak direla ziurtatu dute: "Bulego teknikoaren %90 kendu dute, Zestoako lantegia itxi —akats handia, Arroakoa gainezka egon delako—, 23 langileren kontratuak eten dituzte eta geratzen ziren langileen %33 espediente batean jarri dituzte, langile batzuei soldata jaitsi, ez dute merkatu berririk bilatu eta lana beste fundizio batzuetara desbideratu dute".  

Borrokarako eta mobilizaziorako deia egin dute langileen ordezkariek, baina ez dute protesta ekintzarik zehaztu. Dei egin diete erakundeei ere "Euskal Herrian eta zehazki Urolaren eskualdean" gertatzen ari den industria sarearen suntsiketa eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.